Gero eta hurbilago dago urtearen amaiera, eta Xeye atletismo taldekoak dagoeneko hasi dira abenduaren 31ko San Silbestre lasterketa prestatzen. Iazko lelo bera izango du probaren 22. edizioak: Ondo bukau, hobeto hasi!. Dena den, betiko ezaugarriak ez ezik, hainbat berrikuntza ere izango ditu aurtengo lasterketak.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 2022. urteko ibilbideari "hobekuntza batzuk" txertatuko dizkiete, baina distantzia mantendu egingo dute; hau da, sei kilometroko ibilbidea izango da. Ohi bezala, 12:00etan Azpeitiko plazatik abiatuko da lasterketa. Horrez gain, azken urteetan ohikoa bilakatu den lasterketa inklusiboa ere egingo dute, 11:00etan. Dena den, berrikuntza bat ere izango da aurtengoan: lasterketa inklusiboaren eta lasterketa nagusiaren artean, itzuli bateko lasterketa motzagoa egingo dute, 11:30ean hasita, 12 urtetik gora izan eta korrika egin nahi dutenei zuzenduta. Izan ere, lasterketa nagusia 14 urtetik aurrerakoei zuzenduta dago, eta "gazteagoek ere urte amaiera modu berean agurtzeko aukera izan dezaten" sortu dute proba hori. Lasterketa motz horretan, gaztetxoez aparte, helduek ere parte hartu ahal izango dute, gurasoek eta seme-alabek bat egin nahi badute. Modu horretan, antolatzaileek "jai giroa" sortu nahi dute urteko azken egunean Azpeitiko erdigunean.
Izen ematea, asteazkenetik
Datorren asteazkenean, azaroak 15, zabalduko dute San Silbestre lasterketarako izen ematea. Izen ematea 7 euro, 12 euro edo 15 euro kostatuko da: 7 euro, kamisetarik gabe; 12 euro, kamisetarekin; 15 euro, bi lasterketak egin nahi dituztenek. Lasterketa bakoitzean, 3 euro kostatuko da asegurua. Izen emateak Kirolprobak.com plataforman egin ahal izango dira, eta parte hartzaile kopurua 900 korrikalarientzat mugatu dute lasterketa nagusian. Joan den urtean baino ehun dortsal gehiago jarri dituzte, izan ere, 2022an eguna iritsi aurretik amaitu ziren dortsal guztiak.
Dagoeneko diseinatu dute lasterketarako kamiseta. Hain zuzen ere, birziklatutako materialarekin egin dute; guztira, 850 kamiseta sortu dituzte. Kamisetak agortzen badira ere, izen emateak zabalik jarraituko du, 7 eurotan.
Beheko irudian ikus daiteke aurtengorako diseinatu duten kamiseta: