'6 kilometro, 6 esaldi' lehiaketa, azken txanpan

Aitziber Arzallus 2023ko abe. 13a, 10:42

Herritarrek ostiralera arteko epea dute urte bukaerari lotutako esaldiak bidaltzeko. Sei esaldi onenen egileek bi pertsonentzako afari bonu bana jasoko dute Azteko tabernetan afaltzeko.

Aurtengo San Silbestre lasterketari begira, ekimen berri bat abiatu du Xeye atletismo taldeak: 6km, 6 esaldi, Ondo bukatu, hobeto hasi! lelopean. Lelo hori edota urteari bukaera on bat emateko balioko duten esaldiak bidali beharko dituzte helbide honetara abenduaren 15era bitartean, eta ondoren, sei esaldi onenak aukeratuko dituzte. Esaldi horietako bakoitza probaren kilometro puntu bakoitzean jarriko dute, baita banatuko dituzten garaikurretan ere, eta aukeratuta sei esaldien egileek bi pertsonentzako afari bonu bana jasoko dute Azteko tabernetan afaltzeko.

Lehiaketarekin kirola eta kultura uztartu nahi izan dituzte antolatzaileek, herritarrak sormena erabiltzera bultzatu, eta korrikalari gisa ez ezik, San Silbestre proban beste modu batera ere parte hartzeko aukera eman. Momentuz 42 esaldi jaso dituzte, baina herritarrek oraindik ere badute lehiaketan parte hartzeko aukera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide