Gabonak ate joka dira, eta Azpeitiko Udalak, Bertan merkatari elkarteak, Kulturaz kooperatibak eta Bizik egitarau oparoa prestatu dute abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra bitarterako. Udalak jakinarazi duenez, "adin tarte eta gustu ezberdinak kontuan hartuta" prestatu dute egitaraua, herritar guztiek izan dezaten zer egina eta zertaz gozatua. Besteak beste, kultur emanaldiak, marrazki lehiaketa, Gabon parkea, Scalextric zirkuitua, joku sentsorialak eta Kirolaz Blai eguna antolatu dituzte datozen asteetarako.
Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera, ohi bezala, abenduaren 24an izango da. Horiek 12:30ean aterako dira San Martin egoitzatik, tuntturroek, txistulariek eta musika eskolako soinujoleek lagunduta. Ohiko bidea egin ostean, plazan amaituko dute kalejira.
Errege Magoen kabalkadan aldaketak egongo direla aurreratu du Azpeitiko Udalak, baina ez du horien inguruko xehetasun gehiagorik eman, oraingoz. Dena den, zehaztu dute urtarrilaren 5ean 16:30 aldera iritsiko direla Lasaora, eta 19:00etan abiatuko dela kabalkada igerilekutik.
Hona hemen egitaraua osorik:
- Abenduaren 4tik urtarrilaren 7ra: Trukegunea jarriko dute Ekoetxean, eta jostailuak, liburuak eta bestelakoak trukatzeko aukera egongo da. 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.
- Abenduak 23, zapatua: Ekain pailazoak Slapstik ikuskizun berria aurkeztuko du. 17:00etan izango da, Soreasu antzokian. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude.
- Abenduak 26, 27, 28 eta 29: HH5etik LH6ra bitarteko haurrei zuzendutako ekintzak izango dira goizetan, 10:00etatik 13:00etara. Abenduaren 28an, egun osoko irteera egingo dute.
- Abenduak 26, 27, 28 eta 29: DBH1etik 2. Batxilergora arteko gazteentzako ekintzak. Abenduaren 26an, Txuri Urdinera (10:00-14:30); abenduaren 27an, solasaldia kirolariekin (17:30-19:30); abenduaren 28an, film emanaldia Gaztelekuan (17:30-19:30) eta abenduaren 29an, tarta txapelketa (10:00-13:00).
- Abenduak 27, asteazkena: Bertan merkatari elkarteak marrazki lehiaketa antolatuko du. Parte hartu nahi dutenek Gabonen inguruko marrazki bat egin beharko dute, Din A4 neurriko paperean, nahi duten teknika erabiliz. Marrazkia norberak bere kasara egin beharko du, etxean edo udaletxeko arkupetan egongo den gunean. Han izango da izen-ematea ere.
Jasotako marrazkiak Sanagustin kulturgunean ikusgai izango dira abenduaren 27tik 29ra. Abenduaren 27an bertan, 20:30ean, jakinaraziko dira irabazleak (Diart arte eskolako kideak izango dira epaimahaian), baita XII. Gabonetako erakusleiho lehiaketako irabazleak ere. Hiru mailatan bereiziko da marrazki lehiaketa: LH1, LH2 eta LH3; LH4, LH5 eta LH6; eta DBH. Maila bakoitzean hiru saridun izango dira, eta 50 euro, 30 euro eta 20 euroko erosketa bonoak lortuko dituzte.
- Urtarrilak 2, 3 eta 4: Gabon parkea, 10 urte bitarteko haurrentzat. 16:00etatik 20:00etara zabalduko dute, Izarraitz pilotalekuan. Sarrera: 2 euro.
- Urtarrilak 2, asteartea: Scalextric zirkuitua eta joku sentsorialak, 10 urtetik gorakoentzat. 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara egongo da martxan, kiroldegian.
- Urtarrilak 3, asteazkena: Familiei (gaztetxoei eta helduei) bideratutako soinu sorkuntza tailerra eskainiko du Sarah Rasinesek. Kaseteak hackeatuz, loop-ak eta bestelako grabaketak sortuko dituzte modu artisauan. Amaieran, partekatzeko tartea izango da. 17:00etan hasiko da jarduera, Dinamoa sormen gunean. Izen-ematea eta informazio gehiago Kulturazen webgunean.
- Urtarrilak 4, osteguna: Kirolaz Blai eguna, LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko ikasleentzat. 10:00etatik 12:30era eta 16:00etatik 18:30era, hainbat kirol egiteko aukera izango dute, kiroldegian. 19:00etan, Aurrez aurre taldearen logoaren aurkezpena eta sari banaketa egingo dira Azoka Plazan. Marrazki horiek ikusgai egongo dira Azoka Plazan bertan abenduaren 7ra arte.
- Urtarrilak 7, igandea: Doraemon: Nobitaren dinosauro berria filma. Ikus-entzule guztientzat egokia den filma. 16:30ean, Soreasun.
- Urtarrilak 7, igandea: Neguko topalekua. LH3, LH4, LH5 eta LH6ko haurrentzat. 16:30etik 19:00etara, Azoka Plazan.
Mari Domingi eta Olentzero eta Errege Magoen kabalkada
- Abenduak 24, igandea. Mari Domingiri eta Olentzerori harrera. Kalejira egingo dute, 12:30etik aurrera, San Martin egoitzatik hasita. Tuntturroek, txistulariek eta musika eskolako soinujoleek parte hartuko dute. Gurdian eserita joango dira Olentzero eta Mari Domingi, eta haien alboetan argitxo gaztetxoak kandilekin, ikazkinak eta bi asto opariz bete-beteta. 13:00etan, plazan, aurreskua egingo diete Itsasiko umeek, eta bertsoak kantatuko dizkiete Karmelo Etxegaraiko, Ikasberriko eta Iraurgiko ikasleek. Ondoren, abestu egingo dute plazan biltzen direnek, eta gaztainak banatuko dituzte. Honako ibilbide hau egingo dute: Artzubia Etorbidea, Goiko Kalea, Plaza Nagusia, Enparan Kalea, Perez Arregi Plaza, Erdikale eta Plaza Nagusia.
- Urtarrilak 4, osteguna: Erregeen pajeak udaletxe azpian egongo dira, 17:30etik aurrera, haurren eskutitzak jasotzeko.
- Urtarrilak 5, ostirala: Ibilbide luze bat egin ostean, Errege Magoak Lasaora iritsiko dira, 16:30 aldera. Hango umeak agurtu, eta txu-txu trena hartuko dute, eta 17:15 aldera iritsiko dira parrokiara. Haurrei lehen agurra egin ostean, 19:00etan abiatuko dute kabalgata igerilekutik. Urtero bezala, beren ibilbide guztian zehar, herriko gaztetxoak izango dituzte lagun. 20:00ak aldera iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira.