Azpeitiko LH6 mailako ikasleek parte hartu dute Xapokeitan lehiaketan. Herriko ikastetxe bakoitzetik hiru lagun lehiatu dira, elkarren artean nahastuta eta guztira hiru hirukote osatuta. Lehiakideen adinaren mailan, herriaren inguruko ezagutza lortzea izan da saioaren helburua, lagun giroa eta jolasa uztartuta; hau da, lehiakortasun sanoa bultzatuta.
Mireia Galarzak eta Ignacio Arakistainek gidatutako lehiaketan parte hartu zuten gaztetxoek hainbat arlori lotutako galderak erantzun behar izan zituzten: kultura, historia, festak, kirola, artea, zientziak... Gai horiei lotuta, era askotako probak egin behar izan zituzten: bertsolaritzari lotutakoak, hitzik gabe egin beharrekoak...
Lehen bost probetan puntu gehien batu zituzten bi hirukoteak finalera igaro ziren, eta ondoren, elkarren kontra aritu ziren buruz burukoan: erantzun posiblerik gabeko galderak erantzun behar izan zituzten, eta bost galdera asmatu zituen hirukotea izan zen irabazlea.
Parte hartu zuen hirukote bakoitzak euskarazko jolas sorta bana irabazi zuen, eta txapeldunek xapo bana eskuratu zuten.