Hainbat herritar elkartu dira euskal preso eta iheslarien eskubideen alde

Ihintza Elustondo 2023ko abe. 24a, 19:36

Konponbiderako Giltzak kanpainaren barruan gauzatu du Azpeitiko Sarek Gabon eguneko elkarretaratzea. Euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbide bat bilatzeko eskatu dute, baita biktima guztiei "tratamendu justu eta berdina" emateko modua egiteko ere. 

Azpeitiko Sarek Konponbiderako Giltzak kanpaina gizarteratzeari ekin zion urri amaieran, eta kanpaina horren barruan egin dute aurten Gabon egunez egin ohi duten elkarretaratzea. Eguberrien testuinguruan, euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbide bat bilatzeko eskatu dute, baita biktima guztiei "tratamendu justu eta berdina" emateko modua egiteko ere. Gu gara giltza! leloarekin egin dute gaurko mobilizazioa plazan, eta hainbat herritar bertaratu dira.

Gabonen bueltan, abenduaren 30ean egingo dute hurrengo ekintza; hain zuzen ere, giltza katea egiteko deia egin dute Sarek eta kanpainarekin bat egin duten herritarrek. Azken ekintza horretan arreta berezia jarri nahi izan dute deitzaileek, "ahalik eta jende gehien" elkartu nahi dute plazan, eta horregatik animatu nahi dituzte herritarrak parte hartzera; 18:30ean hasiko da giltza katearen ekitaldia.

Azpeitian Gabonetan izango diren ekintzetan parte hartzeko deia ez ezik, Sare Herritarrak deituta urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazio nazionalera joatekoa ere egin dute Konponbiderako Giltzak kanpainarekin bat egin duten herritarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide