Atzo, asteazkena, banatu zituzten Azpeitiko Gabonetako XII. Erakusleiho Lehiaketako sariak, Sanagustin kulturgunean. Erakusleiho onenaren 600 euroko saria Inar optikak irabazi du; bigarrena, 400 eurokoa, Kotoi mertzeriak eskuratu du; eta hirugarrena, 200 eurokoa, Irene Altuna loradendak. Guztira 29 dendak hartu dute parte lehiaketan. Erakusleihoetan aditua den Jorge Malkorrak baloratu ditu erakusleiho guztiak, eta bera izan da hiru saridunak hautatu dituena.
Aitortza bereziak
Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak 25, 50, 75 edo 100 urte betezen dituzten dendei aitortza egin ohi die. Atzo, Agirre opari denda, Kibuc Gure Ametsa altzari denda eta Zuri beltz moda denda omendu zituzten erakundeak eta merkatari elkarteak. Aurten, 100 urte bete ditu Agirre opari dendak, eta oroigarria eman zioten "herria bizi mantentzeko merkataritza txikiak egiten duen lan guztiagatik". Iñigo Agirrek jaso zuen oroigarria eta esker oneko hitzak baino ez zituen izan. 25 urte bete izanagatik, berriz, Kibuc Gure Ametsa altzari dendak eta Zuri beltz moda dendak jaso zuten oroigarria.