Eguraldiaren eraginez, baliteke Errege Magoen kabalkada laburtu behar izatea

Aitziber Arzallus 2024ko urt. 5a, 13:22

Iazko kabaldakako une bat. (Mailo Oiarzabal)

Udalak unean uneko egoera ikusita erabakiko du ibilbidea aldatzea edo ez, eta ibilbidea laburtzea erabakiko balu, bozgorailuetatik jakinaraziko luke. Arratsalde partekoa, Lasaotik parrokiara arteko zatia, aurreikusita bezala egingo dute Errege Magoek.

Eguraldi iragarpen txarra dela eta, Erregeen kabalkadak aldaketak izan ditzakeela jakinarazi du udalak. Dena dela, oraindik ez du erabakirik hartu, eta adierazi du unean uneko egoera ikusita erabakiko duela ibilbidea aldatzea edo pentsatuta bezala egitea.

Udalak bi aukera ditu esku artean: alde batetik, aurreikusita bezala egitea ibilbidea; bestetik, berriz, ibilbidea laburtzea eta igerilekutik plazara arteko zatia bakarrik egitea. Ibilbidea laburtzea erabakiz gero, bozgorailuetatik emango du udalak horren berri. 19:00etan hasiko da kabalkada, eta ibilbide osoa eginez gero, 20:00ak inguruan iritsiko dira Errege Magoak plazara; ibilbidea laburtuz gero, lehenxeago.

Kabalkadaren aurretik, 16:30 aldera, Lasaora joango dira Errege Magoak, eta, handik, parrokiara joan dira, txu-txu trenean. Parrokira 17:15 inguruan iristea aurreikusten da. Eguraldi txarra eginda ere, zati hori mantendu egingo dutela jakinarazi du udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide