Elkar-ekinek deituta, Palestinari elkartasuna adierazteko agerraldia egin zuten atzo, ostiralez. Aurrez gehiagotan egin duten moduan, Sanjuandegiko biribilgunean elkartu ziren. 18:30erako jarri zuten hitzordua, eta dozenaka lagun bertaratu ziren hara. Munduan zehar Palestinaren aldeko mobilizazioak ugaritu eta indartu dira azken asteetan, eta Azpeitian ere oihartzuna izan du mugimendu horrek; Elkar-ekinek ere bat egin nahi izan du elkartasun adierazpen oldearekin.
Zera adierazi du Elkar-ekinek: "Herriz herri, herrialdez herrialde eta kontinentez kontinenente antolatzen dugun presioak emaitzak ekar ditzakeela pentsatzen dugu; beraz, azpeitiarroi ere gure ekarpena egitea dagokigu helburu horri begira. Genozidio izugarri horren aurrean, ezin ditugu begiak itxi". Palestinari elkartasuna adierazteaz gain, beren kausarekin bat egin nahi dutela nabarmendu du taldeak: "Askatasunean eta bakean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi dugu". Bestalde, "Israelen aurkako boikota beharrezkoa" dela uste du Elkar-ekinek. "Estatu genozidari nazioartean presioa egiteko tresna oso eraginkorra da boikotarena, eta kanpaina horrekin bat egin nahi dugu guk ere".