Aurreikusitakoa baino eguraldi hobearekin eta giro onean hasi da goiz-eguerdi partean aurtengo Etxera Eguna. Ohi bezala, kirola eginez ekin diote egunari, eta aurten, urteroko krosaz gain herri kirol erronka ere jokatu dute.
Ehun bat lasterkarik parte hartu dute krosean, eta Jon Elkanok eta Ane Baztarrikak jantzi dituzte txapelak; Jon Alberdik eta Mikel Arsuagak osatu dute gizonen podiuma, eta Amaia San Vicentek eta helmugara eskutik iritsi diren Irantzu Albizurik eta Jone Osinaldek, emakumeena.
Korrika egin dutenek Oilo-Soro elkartekoek prestatutako hamaiketakoaz gozatu eta kroseko sariak banatu ondoren, herri kirolen eta taldekako erronkaren txanda iritsi da. Iragarrita zeuden bi parte hartzaile herrikoiek, Noemi Etxeberriak eta azkenean krosa irabazi duen Baztarrikak, ezin izan dute herri kirol erronkan aritu, eta Erik Arbeok eta Jon Igarataundi Komuntzo-k hartu dute haien tokia, korrika probarako. Ikusmina piztu du harri jasotzea, aizkora, trontza eta korrika uztartu dituen erronka biziak, eta azkenean, Lierni Osa, Mikel Larrañaga, Xabier Aranburu Guzta eta Komuntzo izan dira irabazleak.
Egitaraua
Eguerdiko kirol festaren ondoren, dozenaka lagun elkartu dira Azoka Plazako herri bazkarian, eta gaueraino luzatuko da ondoren Etxera Egunaren egitaraua, 18:30eko elkarretaratzea tartean dela. Hauek dira datozen orduetarako hitzorduak:
- 16:30. Umeen gunea, Sanagustinpean. Begiraleek lagunduta: aurpegi pintaketak, pultserak...
- 17:30. Pontx pailazoa.
- 18:30. Elkarretaratzea, plazan. Euskal presoak etxera! Gotzon gurekin! lelo hartuta.
- 19:00. Euskal Herriko III. Elektrotxaranga txapelketa: Patxangoi eta Elektrokela.
- 22:00. Bad Sound System eta Xiberoots taldeen kontzertua, doan, Sanagustin kulturgunean.