Euskal Herriko III. Elektrotxaranga Lehiaketak hirugarren eta azkenaurreko jardunaldia bete zuen atzo. Etxera Egunarekin bat egin zuen atzokoan Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) antolatutako egitasmoak.
Elgoibarko (Gipuzkoa) Patxangoi eta Altsasuko (Nafarroa) Elektrokela (iazko irabazlea) izan ziren atzo arratsaldean Alde Zaharreko kaleetan musika eta festa giroa jarri zituzten elektrotxarangak. Patxangoik ireki zuen lehiaketaren hirugarren jardunaldia, 19:00etan plazan hasi eta handik, Erdikalean barrena, Perez Arregi plazarainoko bidea eginez. Perez Arregin hartu zuen Elektrokelak lekukoa, 20:30 aldean, kontrako bidea egiteko.
Datorren zapatuan, maiatzaren 25ean, bukatuko da aurtengo elektrotxaranga lehiaketa, Xaukena (19:00) eta Ostikada (20:30) elektrotxarangen emanaldiekin. Azpeitiko hainbat musikarik osatutako epaimahaiak ekainaren hasieran jakinaraziko du lehiaketa zeinek irabazi duen. Talde irabazleak 6.000 euro eta saninazioetan emanaldia egiteko kontratua lortuko ditu.