Aurreko astean iragarri zuen Azpeitiko Udaleko Gazteria sailak HH2tik LH6ra bitarteko haurrentzako udal udaleku irekietako eskaintza. Orain, berriz, DBH1etik Batxilergoko 2. mailara artekoentzat antolatutako udako ekintzen berri eman du. Ekintza hauetan parte hartzeko izena maiatzaren 31rako eman behar da.
Berrikuntzak ditu aurtengo nerabe eta gazteentzako eskaintzak. Izan ere, lehenengo aldiz DBH3tik Batxilergoko 2ra artekoei zuzenduta udaleku ibiltaria antolatu dute uztailaren 8tik 12ra bitartean. Lantzetik (Nafarroa) Oiartzunera (Gipuzkoa) arteko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek lau etapatan banatuta. Honakoak izango ditu etapak: Lantz-Elizondo, Elizondo-Zugarramurdi, Zugarramurdi-Lesaka eta Lesaka-Oiartzun. Erabat ibiltaria izango da udalekua, eta mendiz mendi joango dira Lantzetik Oiartzunera. Aterpetxe, frontoi nahiz ikastetxeetan egingo dute lo partaideek, eta furgoneta bat joango da gazteekin batera, haien motxilak garraiatzeko. Udaleku ibiltarian parte hartzeko 75 euro ordaindu behar dira.
Gazteen gogoari kasu eginez antolatu dute udaleku ibiltaria. Hala adierazi du Gazteria sailak: "Aurreko urteetan bi gaueko egonaldiak eskaini izan dira, baina egonaldi horietako partaideek egonaldi luzeago batean parte hartzeko gogoa adierazi izan dute, eta horregatik erabaki da udaleku ibiltaria eskaintzea gazteei Udabentura programan".
Udabentura programaren barruan, DBH1eko eta DBH2ko ikasleentzat bi gaueko egonaldia prestatu dute ekainaren 25etik 27ra, Mutrikura (Gipuzkoa) eta Lekeitiora (Bizkaia). Kasu honetan, egonaldian parte hartzeko 45 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzaileek.
Gainerako udako ekintzak
Urtero bezala, udarako nerabeentzako eta gazteentzako beste hainbat jarduera ere antolatu ditu udaleko Gazteria sailak Udabentura programaren barruan: kalestenia ikastaroa, surfa, mendi bizikleta irteera, zaldi irteera, ciclyng-total training, ciclyng-TRX, piragua irteera, skate ikastaroa, Zarauzko Scape Roomera irteera eta eskalada. Lotura honetan ikus daiteke ekintzen egutegia, izen ematea eta ordainketa egiteko modua.
Informazio gehiago nahi dutenek 943-15 71 61 telefono zenbakira deitu dezakete edota gazteria@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzi.