Urolako Komunikazio Taldeak Guka aurkeztu zuen astelehenean, erakundeei zuzendutako ekitaldian, eta, orain, bazkideen, kolaboratzaileen, herriko eragileen eta herritarren aurrean aurkezteko unea heldu da. Izan ere, marka herrira zabaltzeko asmoz, Gukakide festak antolatu ditu UKTk. Bost herritan prestatu ditugu jardueraz betetako egitarauak: Azpeitian, Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, hain zuzen ere. Eta gaur egin dugu lehen Gukakide festa, Azpeitian.
18:00etan Txiki Txoko eta Iturri Txiki ludoteken laguntzarekin antolatutako Gukakide ginkana egin dugu Alde Zaharrean barrena. Gaztetxoak kazetari bihurtu dira ordu batez, eta askotariko probak eta jarduerak gaindituz, Guka aldizkaria osatu behar izan dute. LH 4 eta DBH 1 bitarteko ikasleei zuzendutako jarduera izan da hori. Amaitzean, 19:30ean, Gukaren aurkezpen ekitaldia izan da Azoka Plazan, Mireia Galarza eta Ihintza Elustondo kazetariek zuzenduta. Ekaitz Martinezek adarra jo du saioari ekin aurretik, eta Erniarraitzen eskutik, Joanes Azpillagak eta Suhar Gesalagak bertsotan jardun dute. Maialen Etxaniz eta Intza Trula kazetariek egindako kale inkestaren ikus-entzunezkoa ere eman dugu, herritarrek zer iritzi duten jakiteko. Horrez aparte, elkarrizketa ere egin diegu Uztarriaren ibilbidean garrantzia izan duten bi pertsonari: Julene Frantzesenari eta Iban Arregiri, hain zuzen ere. Eguna amaitzeko, 20:15ean, jan-edanerako txokoa zabaldu dugu. Halaber, bingo musikatua izan dugu Ignacio Arakistainen eskutik, eta giro polita sortu da.
Horrela, festa giroan, herritarrengana gerturatu dugu Guka, zuen babesik gabe ezinezkoa litzatekeelako gure proiektuak aurrera jarraitzea.