Saninazioetako txupinazoa nork bota proposatzeko jarri dituzte postontziak

Nerea Uranga 2024ko eka. 3a, 10:29

Txupinazoa nork botako proposamenak egiteko postontzia Azpeitiko udaletxean. (Nerea Uranga)

Ekainaren 10era arte egongo da hautagaiak proposatzeko aukera. Internetez egin daiteke proposamena, baina baita udaletxean, igerilekuan eta liburutegian jarri dituzten postontzietan ere.

Aurten, lehendabizikoz, saninazioetako suziria nork bota aukeratzeko galdeketa egingo du Azpeitiko Udalak. "herritarren parte hartzea sustatzeko". Hiru fase izango ditu aukeraketa prozesuak. Orain eta ekainaren 10era arte herritarrek beren hautagaiak proposatzeko epea dago zabalik. Bi bide jarri dituzte horretarako: posta elektroniko bidez txupinazoa@azpeitia.eus helbidera idatzita edota udaletxean, igerilekuan eta liburutegian jarri dituzten postontzietan proposamena utzita. Ekarpena egiteko orduan, txupinazoa nork botatzea nahi duten eta ustez zergatik merezi duen jarri beharko dute herritarrek. Elkarteak, eragileak, kolektiboak nahiz norbanakoak proposatu ahal izango dira.

Ekainaren 13an, herritarrek proposatutako hautagaiak aztertuko ditu Udaleko Festa Batzordeak, eta hautagai guztien artetik lau aukeratuko ditu Udaleko Festa Batzordeak. Ekainaren 20an, lau hautagaiak zein diren jakinaraziko du udalak, eta orduan hasiko da bozketa. Bi bide jarriko dituzte boza emateko: postontzien bidez edo azpeitia.eus webgunean jarriko duten galdetegia beteta. Ekainaren 28a izango da botoa emateko azken eguna. Herritar bakoitzak boto bakarra emateko aukera izango du, eta hori bermatzeko nortasun agiriaren zenbakia eskatuko dute botoa emateko garaian.

Ekainaren 30ean jakinaraziko du udalak zein den herritarrek aukeratuko hautagaia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide