Bigarren itzuliko azken bi saioekin, atzo bukatu zen Gipuzkoa Bertsotan. Horrenbestez, erabakita gelditu da datorren udazkenean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren fase nagusira sailkatu diren 34 bertsolarien zerrenda, eta Gipuzkoa Bertsotanen aritu diren hiru azpeitiarretatik bi daude zerrenda horretan: Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria.
A eta B multzoetan banatuta jokatu dituzte bertsolariek sailkapen faseko bi tzuliak. Hiru azpeitiarrak sailkatu ziren bigarren itzulirako, baina Urko Egaña kanporatuta gelditu da azken itzuli horretan. Bi itzulietako saioen puntuazioak batuta, multzo bakoitzeko sailkapeneko lehen hamazazpi bertsolariek lortu dute aurrera egiteko txartela eskuratzea. Parte hartu duen bi saioetan nagusituta (Altzon lehen itzulian eta Alegian bigarrengoan), A multzoko sailkapenean hirugarrena izan da Gurrutxaga, 673 punturekin –bigarren gelditu den Oihana Aranarekin berdinduta–. Etxeberria, berriz, hamalaugarrena izan da multzo berean, 624 punturekin. B multzoan, berriz, 24ko sailkapena itxi du bigarren itzulian Egañak, 292,5 punturekin. Hain zuzen ere, atzo Hernanin jokatutako bigarren itzuliko azken saioan lehiatu zen azpeitiarra, eta 292,5 batu zituen.