Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentuak, Gipuzkoako Pasoko Azpiegituren Jarduketen Plangintzaren barruan, zubiak eta biaduktuak hobetzeko eta birgaitzeko zazpi proiektu ditu idatzita. Eta horiek egin ahal izateko agintaldi honetarako 26,4 milioi euroko inbertsioa du aurreikusita. Proiektuetako bi Azpeitian egin nahi dituzte, hau da Zestoatik Azpeitirako sarrerako zubi bat berritu nahi dute, baita Loiolako zubietako bat ere.
GI-631 errepidean, Zestoatik Azpeitirako sarreran, Urola ibaiaren gaineko zubia da berritzeko premian antzeman dutenetako bat. "Zubiaren zutabeak mantendu egingo dira, baina gainaldeko taula guztiak berritzea aurreikusten du proiektuak, oso zaharkituta dagoelako eta trafiko astuna bertatik pasatu ahal izateko", azaldu dio Gukari Susana Luzuriaga aldundiko Bide Azpiegituren Birgaitze eta Bulego Teknikoko zerbitzuburuak. Lizitaziora ateratzeko dagoen proiektua da hau, eta 1,8 milioi euroko aurrekontua du.
Loiolan berritu asmo duten beste zubia, Urola ibaian dago baita ere, kasu honetan Gi-3183 errepidean. Zubia datorren urtean berritzea aurreikusita dute, eta 0,3 milioi euroko aurrekontua du.
Orain dela bi urte, 2022an, Gi-631 errepidean, Garmendigaineko eta Madalenatik Ezkuztarako bi zubiren egiturak indartzeko lanak egin zituen aldundiak.