Pilotazaleek hitzordu berezia izango dute datorren zapatuan, ekainaren 8an, Frontoi Txikian. Azpeitian bertan egin zuten txapelketaren aurkezpenean aurreratu bezala, Ados Pilotaren Udaberri Torneoaren finala jokatuko dute Done Jakue kaleko pilotalekuan, 18:00etan hasiko den jaialdian.
Hiru pilotariz osatutako taldeen arteko lehia dago Adosekoek bertso pilota formatuarekin jokatzen duten txapelketaren oinarrian. Bi partidatan neurtzen dituzte indarrak pilotari taldeek, lau eta erdian eta binaka. Talde bakoitzak bertsolari bat du botilero lanetan, eta partiden aurretik eta atsedenaldietan bertsotan aritzen dira bi botileroak.
Ligaxka osatu ondoren, Ruiz de Infantek, Etxekoloneak eta Mujikak osatzen duten Kukuprakak, eta Agirre Iturriagaren, Ruiz de Larramendiren eta Mendibururen Mitxoletak dira Frontoi Txikiko finalean txapelaren bila lehiatuko diren taldeak. Jokoan ez, baina aulkian eta bertsotan izango da azpeitiar bat finalean, Xebastian Lizaso baita Kukuprakak taldearen botileroa; Maialen Akizu da Mitxoletak taldearen bertsolari-botileroa.
Finalaren aurretik, Ados Pilotaren jaialdietan ohikoa denez, pilotari gaztetxoek izango dute beren trebezia erakusteko aukera pilotalekuan.