Domusa Teknik Azpeitia Cup kimu mutilen txapelketaren azken edizioa gaur hasiko da Garmendipen. Gaur 17:00etan hasi eta igande eguerdira bitartean, guztira 106 partida jokatuko dituzte Garmendipeko futbol zelaietan.
37 talde lehiatuko dira gaur hasiko den sailkapen fasean, sei multzotan banatuta. Reala, Real Madril, Bartzelona, Valentzia, Alaves, Osasuna eta Celta ariko dira lehian, besteak beste, Lagun Onakekin batera. Azpeitiko taldea 3. multzoan lehiatuko da; Reala, Valladolid, Eibar, Anaitasuna, Comillas eta Esportiu Mercantil izango dira Lagun Onakekoen aurkariak, sei beharrean zazpi talde izango dituen txapelketako multzo bakarrean. Iazko txapelduna, Bartzelonako Espanyol, ez da Azpeitian izango aurten.
Gaur eta bihar goiz eta arratsaldez sailkapen ligaxkako partidak jokatu ondoren, igandean Ligako eta Kopako azken fasea, finalaurrekoak eta finalak jokatuko dituzte. Multzo bakoitzeko lehen lau taldeak sailkatuko dira igandeko partida erabakiorrak jokatzeko: lehen eta bigarren postuetan sailkatzen direnek Ligako fasea edo fase nagusia jokatuko dute; eta hirugarren eta laugarren tokietan sailkatzen direnek, berriz, Kopakoa. Kopako finala 12:45ean hasiko da, eta final nagusia, berriz, 13:15ean.
Neskak, datozen bi asteburuetan
Kimu mutilenaren ondoren, Domusa Teknik Azpeitia Cup-ek beste bi hitzordu izango ditu ekainean, eta bietan neska futbolariek hartuko dituzte Garmendipeko zelaiak..
Datorren astean, hilaren 14tik 16ra, jokatuko dute kimu nesken txapelketa; eta hurrengoan, 21etik 23ra, infantilena.