Urola Erdiko trikitiaren historia jasotzen duten bideografien laburpen ikus-entzunezkoa eta Errautsak hauspotzen proiektuaren azalpena jasotzen dituen liburuxka aurkeztu zituen Trikigiro elkarteak atzo, osteguna, Soreasu antzokian, han elkartutako dozenaka lagunen aurrean. 58 bideografia eta 77 elkarrizketatu bildu ditu elkarteak Errautsak hauspotzen proiektuaren barruan, eta horren lagintzat har daitekeena plazaratu zuten sustatzaileek oholtza gainean eta han bildutakoen aurrean. Trikigiro elkarteko Ibon Errazuk esker hitzak izan zituen proiektuan parte hartu dutenentzat, eta barkamena ere eskatu zien haiei, proiektua "nahi baino gehiago" luzatu zaielako.
Trikigirok jai giroz aurkeztu zituen ikus-entzunezkoa zein liburuxka Azpeitian, emanaldiaren aurretik trikiti doinuak izan baitziren nagusi herriko kaleetan egin zuten trikipoteoan zein Soreasuko ekitaldiaren hasieran.
Orain arteko bideografietan oinarrituta, baina grabazio eta bilketa lan gehiago egitea baztertu gabe, aurrera begira dokumental bat eta liburu bat argitara eman nahi dituzte, XX. mendearen lehen hiru laurdenetan Urola Erdia trikitiaren epizentro bilakatu zutenen memoria ez galtzeko ahalegina borobiltzeko.