Lehendabiziko kanporaketan esan dio agur Azpeitiak 2024ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari. Final laurdenetan ekin dio ibilbideari azken zortzi finalak jokatu, horietatik bost irabazi eta azken bi urteetan txapeldunorde izan den herriak, eta ezin izan du lehen koska hori gainditu.
Beasainek kanporatu ditu Ilunpe elkarteko pilotariak. Joan den astean 2-1 galdu zuen Azpeitiak joanekoa, eta atzo gauean emaitza bera errepikatu zen Izarraitz pilotalekuan: kadete mailan erra gailendu diren azpeitiarrak, baina jubeniletan eta seniorretan ezin izan zuten Beasaingoekin.
Antzizar pilotalekuan aritu ziren Azpeitiko bikoteetatik atzo errepikatu zuen bakarra kadete mailakoa izan zen, eta hain justu, Beasaingo emaitza ere errepikatu zuten (22-3) Ioritz Arsuagak eta Jokin Artetxek goikoetxeatarrei irabazteko. 1-0 aurreratu zen berriro Azpeitia, baina alferrik izan zen. Jubenilen mailako partidan zuten esperantza jarrita Ilunpekoek, baina 13-22 galdu zuten Iker Otaegik eta Oier Larrañagak Landaren eta Madinaren aurka. Seniorretan, berriz, Beasaingo Azketak eta Garmendiak alde handiarekin irabazi zuten berriro (8-22), atzo Aimar Egigurenek eta Jakes Elosegik osatu zuten Azpeitiko bikotearen kontra.