Kukuprakak besterik ez dira loratzen Frontoi Txikian

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 9a, 09:00

Ruiz de Infante, Etxekolonea eta Mujikaren taldeak, Xebastian Lizaso botilleroarekin, irabazi du Ados Pilotaren II. Udaberri Torneoa, atzo Azpeitian jokatutako finalean Mitxoletak (Ruiz de Larramendi, Agirre Iturriaga eta Mendiburu, Maialen Akizurekin) 2-0 gaindituta.

Pilotakadak bertsoekin nahastu zituzten atzo arratsean Frontoi Txikian, Ados Pilotaren II. Udaberri Torneoaren finalean. Giro lanbrotsuak hezetasuna erantsi zion kantxari, baina ez jokorako eragozpen gaindiezinik sortzeko adina. Ikuskizun ona eta lehia estua eskaini zituzten pilotariek, eta haientzako animoak eta ziriak uztartu zituzten bertsolariek.

Ruiz de Infante, Etxekolonea eta Mujika, Xebastian Lizaso botillero zutela (Kukuprakak), eta Ruiz de Larramendi, Agirre Iturriaga eta Mendiburu, Maialen Akizurekin (Mitxoletak) ziren finalistak. Mitxoletak pozoinduz... aupa Kukuprakak zioen pankarta jarri zuten Lizasoren taldearen aldekoek Frontoi Txikiaren atzeko paretaren gain aldean; eta pozoiarekin ez, baina pilotakadaka, menderatu zituzten Kukuprakek Mitxoletak.

Lau eta erdiko partidarekin hasi zen finala eta Ruiz de Infantek eman zien lehen puntua Kukuprakei; 18-12 irabazi zion Ruiz de Larramendiri, hutsegite askotxoko neurketan. Lehiatuagoa, estuagoa eta ikusgarriagoa izan zen binakako neurketa erabakigarria. Lehen partidaren emaitza kontuan hartuta, Etxekoloneak eta Mujikak nahiko zuten 17 tanto egitea, txapela Kukuprakentzat izateko. Eta egin zituzten, baina ez ziren horrekin konformatu eta 22-20 irabazi zieten Agirre Iturriagari eta Mendibururi.

Horrenbestez, 2-0 nagusitu ziren azkenean Kukuprakak, Frontoi Txikian beste lorerentzako tokirik ez dagoela berretsiz: joan den urtean ere, torneo beraren lehen aldian, beste pilotari batzuekin, baina Kukuprakak izan ziren garaileak Frontoi Txikian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide