Urrestillako Festa Batzordeak aste honetan argitaratu du aurtengo San Joan festen egitaraua. Aurten ere luze eta zabal datoz sanjoanak: zapatu honetan XX. San Joan Herri Krosarekin eta Bentazaharreko Mutiko Alaien kantu saioarekin hasi, eta ekainaren 26an zuhaitza bota arte, zortzi egun eta hainbat hitzordu izango dituzte aurtengio jaiek.
Bi asteburu harrapatuko dituzte aurten sanjoanek. Datorren honetan, igandean Jubilatuen Eguna ospatuko dute. Hurrengoa, berriz, ekainaren 21eko profesionalen pilota jaialdiarekin hasiko dute, eta hortik aurrera, hilaren 26ko iluntzera arte bata bestearen atzetik kateatuko dituzte festetako egunak eta ekintzak. Besteak beste, Labankada, Rekiem, Iratzar eta DJ Fury-ren kontzertuak eta emanaldiak izango dituzte festetako bigarren zapatuan; herri afaria eta San Joan arbolaren zein suaren bueltako urteroko festa handia 23an; prozesioa, musikarien eta erraldoien kalejirak eta DJak, San Joan egunean; sagardoa, mus txapelketa eta umeentzako puzgarriak eta merienda, 25ean; eta 26an, zuhaitza bota eta festak bukatu aurretik, patata tortilla lehiaketa, ume jolasak eta afari merienda.
Txartelak eta kroserako izen ematea
Datorren zapatuan, festetarako berreskuratu zutenetik XX. aldia izango du San Joan Herri Krosak. Seniorrek, beteranoek eta jubenilek lasterketa nagusirako (18:00) izen ematea aurrez egiteko aukera irekita dutela gogoratu dute antolatzaileek, Herrikrosa.eus webgunean.
Bestetik, sanjoanetako afari-bazkarietarako txartelak salgai daude. San Joan bezperakoak Bixker erretegian eta Mara Mara kafetegian eros daitezke, herri afarirako txartelak 30 eurotan, eta 12 eurotan egun bereko umeen herri afarirakoak. San Joan Txiki eguneko sagardo dastaketako bazkarirako txartelak, berriz, 40 eurotan dituzte salgai Bixkerrenean. Datorren igandea, ekainak 16, izango da txartelak erosi ahal izateko azken eguna.
Egitaraua
Hona hemen, 2024ko Urrestillako San Joan jaien egitaraua:
Ekainak 15, zapatua
- 17:00. XX. San Joan Herri Krosa.
- 19:30. Bentazaharreko Mutiko Alaiak.
Ekainak 16, igandea. Jubilatuen Eguna
- 13:00. Luntxa.
- 14:00. Bazkaria.
- Bazkalondoren, bingoa.
Ekainak 21, ostirala
- 22:00. Profesionalen eskuzko pilota jaialdia:
- Lau eta erdiko San Fermin Torneoa: Egiguren V.a vs Zabala.
- Altuna-Rezusta vs Elordi-Zabaleta.
Ekainak 22, zapatua
- 19:45. Kontzertuak: Labankada, Rekiem, Iratzar eta DJ Fury.
Ekainak 23, igandea. San Joan bezpera
- 21:00. Pregoia eta festen hasierako suziria.
- Ondoren, herri afaria.
- 00:00. San Joan zuhaitza sartzea.
- 00:30. San Joan sua piztea, eta suaren inguruan dantzaldia.
- Ondoren, Laket taldearekin dantzaldia.
Ekainak 24, astelehena. San Joan eguna
- 09:00. Diana, herriko txistulariekin, trikitilariekin eta erraldoiekin.
- 11:45. Azpeitiko Musika Bandaren kalejira.
- 12:00. Prozesioa eta meza.
- 13:00. Buruhandiak.
- 22:00. Lizartxo eta Davila DJa.
Ekainak 25, asteartea. San Joan Txiki
- 12:30. Sagardo dastaketa eta bazkaria.
- 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
- 15:00. Mus txapelketa.
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:30. Merienda.
Ekainak 26, asteazkena. San Joan hirugarrena
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:30. Tortilla patata lehiaketa.
- 20:30. Afari merienda.
- Ondoren, zuhaitzaren entierroa.