Futbol festa izango da bigarren asteburuz jarraian Garmendipen, kimu nesken Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketaren aitzakian. Joan den astean abiatu zuten azkena izango den Domusa Teknik Azpeitia Cup, kimu mutilen kategoriako lehiarekin, eta Bartzelona izan zen jaun eta jabe bertan. Hori hala, kimu nesken txapelketak hartuko dio lekukoa asteburu honetan, eta bihartik hasi eta igandera bitartean jokatuko dituzte partidak Garmendipen.
Guztira 30 talde izan dira kimu nesken kategorian izena eman dutenak, eta horietako asko Espainiako Emakumeen Ligako harrobiko taldeak dira: Madril CFF, Athletic, Reala, Eibar eta Osasuna, esaterako. Horiez aparte, etxekoen, Lagun Onaken, bi taldek parte hartuko dute, baita Zumaiakok, Anaitasunak –hiru talderekin– eta Oriokok.
Bihar, ostirala, 18:00etatik aurrera jokatuko dituzte sailkapen ligaxkako partidak sei multzotan banatuta: multzo horietako lehenengo eta bigarren sailkatuek Ligako fasea jokatuko dute igandean; hirugarren eta laugarren sailkatuek, berriz, Kopa jokatuko dute. Kopako finala 12:45ean hasiko da, eta final nagusia 13:15ean jokatuko dute.
Futbol festari datorren asteburuan, ekainaren 21etik 23ra, emango diote amaiera. Infantil nesken txapelketarekin agurtuko dute azken Domusa Teknik Azpeitia Cup, hain justu.