Giro makurrarekin abiatu zuten atzo arratsaldean kimu nesken azken Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketa. 18:00etan hasita, ligaxka faseko partidak jokatu zituzten Garmendipeko zelaietan, eta gaur, 09:00etan jokatuko dituzte ligaxka horretako azken norgehiagokak.
Guztira 30 talde izan dira kimu nesken kategorian izena eman dutenak, eta horiek sei multzotan banatu dituzte. Horien artean, sona handiko Madril CFF, Athletic, Reala, Eibar eta Osasuna taldeak daude. Horiez aparte, etxekoen, Lagun Onaken, bi talde parte hartzen ari dira, baita Zumaiako, Anaitasuna –hiru talderekin– eta Orioko.
Gaur arratsaldean jakingo dituzte sailkapen ligaxkaren azken emaitzak, eta multzo horietako lehenengo eta bigarren sailkatuek Ligako fasea jokatuko dute bihar; hirugarren eta laugarren sailkatuek, berriz, Kopa jokatuko dute. Kopako finala 12:45ean hasiko da, eta final nagusia 13:15ean jokatuko dute.
Joan den astean abiatu zuten azkena izango den Domusa Teknik Azpeitia Cup, kimu mutilen kategoriako lehiarekin, eta Bartzelona izan zen jaun eta jabe bertan.
(Argazkiak: Aitziber Arzallus)