Irati Antiak Julian Zulueta esklabistaren historiaren bueltan osatu duen Azukre beltza proiektuaren erakusketa ikusgai dago datorren igandera arte, ekainak 23, Foru Ibilbideko udal aretoan. Kulturazen Doi egitasmoaren barruko laugarren erakusketak, baina, bi hitzordu berezi eskainiko ditu etzi, asteazkena. Izan ere, Antiak berak gidatutako bisita gidatuan parte hartzeko bi aukera izango dira ekainaren 19an, 18:00etan zein 19:00etan.
Erakusketa osatzera datozen zein "erakusketan ikusgai dagoen informaziotik haratago" doazen bisitak dira Azukre beltza-ren sortzaileak proposatzen dituenak, Kulturazek azaldu duenez. "Julian Zulueta nor zen, Kubako herrian zein arrasto utzi zuen, Euskal Herrian izandako presentzia, bere oinordekoena, eta antzeko informazioa partekatuko" du Antiak etzi Foru Ibilbideko erakusketara joaten direnekin.
Bisita horietan parte hartzeko, ordea, derrigorra da aurrez izena ematea. Horretarako, antolatzaileek Interneten jarri duten formulario hau bete behar da.