Uztarria-Guka, azokako ekoizleak, Elkar-ekin eta Sierbetako mojak, txupinazoa botatzeko hautagaiak

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 20a, 12:01

Iazko saninazioetako txupinazoaren unea.

Dagoeneko ireki dute lau hautagaien artean boza emateko aukera. Ekainaren 30ean jakinaraziko du Azpeitiko Udalak nork botako duen 2024ko saninazioetako txupinazoa.  

Uztarria-Guka, Elkar-ekin, Sierbetako mojak eta azokako ekoizleak dira 2024ko saninazioetako txupinazoa botatzeko hautagaiak. Azpeitiko Udalak gaur jakinarazi ditu hautagaien izenak, eta dagoeneko ireki du lau aukeren artean erabakitzeko eta botoa emateko epea. Honako lotura honetan eman daiteke botoa.

Aurten, aurrenekoz, suziria nork bota aukeratzeko galdeketa antolatu du udalak. Hiru fase ditu aukeraketa prozesuak, eta aurreneko fasean herritarrek haien proposamenak egiteko aukera izan dute espreski horretarako jarri dituzten postontzietan. Proposamen horietatik guztietatik lau aukeratu ditu udaleko Festa Batzordeak horretarako egindako bilkuran, eta, orain, lau horien artean aukeratu beharko dute herritarrek. Horretarako, bozketa fasea ireki dute gaur. Herritarrek astebeteko epea izango dute botoa emateko, hilaren 28an itxiko baitute horretarako aukera. Azpeitian erroldatu gabeko NA zenbakiekin emandako botoak ez dira kontuan hartuko.

Udaleko Festa Batzordeak balorazioa egiteko eta lau hautagaiak aukeratzeko "hainbat irizpide" hartu ditu kontuan, besteak beste, "herriari egindako ekarpena, norbere arloan izandako merituak, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina eta euskal kulturaren alde egindako lana".

Azpeitiko Udalak ekainaren 30ean jakinaraziko du nork botako duen 2024ko saninazioetako txupinazoa.

Hona hemen udalak eman dituen arrazoiak: 

  • Uztarria / Azpeitia Guka: Herriko informazio zehatza eta gaurkotua eskaintzeko egiten duen lanagatik, euskararen biziberritzeari egiten dion ekarpenagatik, lortu duen erreferentzialtasunagatik...
  • Azoka Plazako ekoizleak: Asteartero-asteartero, eta azken urteotan ostiraletan ere bai, azoka plaza indartzeko egiten ari diren lanagatik, bertako produktuak eskaintzeko eta lurra zaintzeko egiten duten lanagatik...
  • Sierbetako mojak: Hainbeste urtean herritarren zaintzan lan egin ostean, eta Azpeititik badoazela kontuan hartuta, haien lana eskertzeagatik. Sierbetako mojak orokorrean ez ezik, Sor Lourdes eta sor Trinidad azpeitiarrak bakarrik ere proposatu dituzten herritarrek.
  • Elkar-ekin: Palestinarrekin egiten ari diren sarraskia salatzeko antolatu dituen ekintzengatik, orokorrean egiten duen lanagatik...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide