Gauerdian lizarra sartuta, sanjoanetan murgilduta dabiltza Urrestillan, eta gaur, San Joan egunez, festa egun handia dute herritarrek. Ohi bezala, gaztetxoek goizean hasi dituzte ekitaldiak, buruhandi, erraldoi eta trikiti doinuekin; aurten, gainera, bi erraldoi berri atera dituzte kalera: panderojolea eta dantzaria. Eguerdia iristerako, berriz, dozenaka lagun elkartu dira elizaren bueltan, Azpeitiko Udal Musika Bandak lagunduta prozesioa egin baitute herritarrek hango kaleetan, meza hasi aurretik. Tradizioari jarraituz, loreak bedeinkatzeko elizkizuna izan da San Joan egunekoa.
Mezaren ondoren, berriz buruhandiekin jolasteko aukera izan dute haurrek, eta gauean, Lizartxo eta Davila disko jartzaileak borobilduko dute San Joan eguna, 22:00etan hasita.
Asteazken gauera bitartean ere izango da zertaz gozaturik Urrestillan, datozen egunetarako honako egitarau hau prestatu baitu hango festa batzordeak:
Ekainak 25, bihar. San Joan Txiki
- 12:30. Sagardo dastaketa eta bazkaria.
- 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
- 15:00. Mus txapelketa.
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:30. Merienda.
Ekainak 26, asteazkena. San Joan hirugarrena
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:30. Tortilla patata lehiaketa.
- 20:30. Afari merienda.
- Ondoren, zuhaitzaren entierroa.