Leire Derteanok sortutako kartelak iragarriko ditu 42. Euskal Antzerki Topaketak

Nerea Uranga 2024ko eka. 25a, 15:56

Leire Derteano kartel lehiaketaren irabazlea, antolatzaileekin. (Azpeitiko Udala)

Antzerki topaketetara aurkeztutako hamasei lanen artean aukeratu du Derteanorena epaimahaiak. Bigarren urtez segidan irabazi du oñatiarrak kartel lehiaketa. Irudi koloretsua sortu du oraingoan kartel irabazleak.

Leire Derteano oñatiarrak sortutako kartelak iragarriko ditu aurten ere udazkenean egingo diren Azpeitiko 42. Euskal Antzerki Topaketak. Hamasei kartel aurkeztu ziren Azpeitiko Udalak antolatutako kartel lehiaketara, eta Derteanorena aukeratu dute epaimahaikideek. Udaleko ordezkariek, Arte eta Diseinu Eskolakoek, Kulturaz kooperatibakoek eta UKTko kideek osatu dute epaimahaia. Kartel irabazleak 900 euroko saria jaso du.

Bigarren aldiz segidan irabazi du antzerki topaketetako kartel lehiaketa Derteanok. Aurtengo lana, ordea, iazkoaren desberdina dela azaldu du egileak. "Iaz, ilustraziora jo nuen; aurtengoan, berriz, diseinu grafikora gehiago. Elementu geografikoak sartzea, eta, aldi berean, kolore asko izatea nahi nuen, aurreko urtekoak bazuelako ukitu ilun hori”. Kartelenean, teloi bat ageri da erdi irekita, eta begi bat nabarmentzen da. “Teloiaren atzealdean dago begi hori, eta ez dakigu oso ondo nora begira dagoen: publikoa balitz bezala barrura begira, ala, alderantziz, antzezlea publikoari begira balego bezala”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide