Sahatsaren dantzek hartu dute Azpeitiko plaza

Unax LarraƱaga eta Nerea Uranga 2024ko uzt. 1a, 09:54

Sahatsa Azpeitiko plazan dantza ikuskizuna eskaini du Sahatsa dantza taldeak Azpeitiko plazan. Aurtengo Azpeitia Dantzan egitarauko bigarren emanaldia izan da.

Azpeitia Dantzanen barruan Sahatsa Azpeitiko plazan ikuskizun berria eskaini zuten atzo arratsaldean Sahatsa dantza taldekoek.19:30ean hasi zuten emanaldia, eta 11 musikarik girotuta hiru ordu laurdeneko emanaldi bizia eta koloretsua eskaini zuten dantzariek. Otsagabiko dantza hautatuekin abiatu zuten saioa, eta Auñamendi azpiko ibarreko bizilagunen jota, lapurtar inauterietako zirtzin koloretsua eta alaia, Zuberoako branle eta barrikaden oin-jokoetan oinarritutako sortu berri duten dantza irudia, segalarien apustua nahiz Nafarroako zezen kalejiren antzezpena egin zituzten jendaurrean.

Joan den larunbatean hasi zen Azpeitia Dantzan, Luix Beltza dantza suelto taldekoek eta Juan Antxieta musika eskolakoek elkarrekin Soreasu aretoan eskainitako emanaldiarekin.

Azpeitia Dantzaneko hurrengo bi emanaldiak datozen bi igandeetan izango dira:

- Uztailak 7, igandea. Jose Mari Orbegozoren Dantzaki areto dantza eskolakoen ikuskizuna. 19:00etan, Soreasun. Sarrerak eskuratzeko hemen. Dozena sarrera inguru gelditzen dira.

- Uztailak 21, igandea. Itsasi dantza taldearen Uharrak ikuskizuna. 19:00etan, Soreasun. Sarrerak eskuratzeko hemen.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide