Pogacarrek eman du lehen kolpea, eta aginte makila berreskuratu du; 50 segundora utzi du esloveniarrak danimarkarra sailkapen nagusian, eta aintzat hartzeko errenta da. Eraso bakarrarekin lortu duelako, eta ia errenta guztia beherantz, Galibier jaisten, ez gorantz. Zehatzago esanda, Galibierreko jaitsierako zati ez teknikoan, egurra eman behar zen zuzenguneetan, bidea gatz handiarekin eginez. Pogacarrek Galibier gaina harrapatzeko 800 metro falta zirela jo du. Eutsi dio, lehen kolpean, Vingegaardek, baina ondoren askatu egin du, eta zazpi-zortzi segundoko errentarekin pasatu da pankartapetik.
Jaitseran ondo eutsi dio lehen erdian Vingegaardek, hiruzpalau segundoko atzerapena baino ez, baina Plan Lachal gunea pasatu eta zuzengune luzeak daude Valloire arte; eman beharreko tokia da, balazta ukitu gabe apenas. Hor garbi geratu da Pogacar osoago zegoela, indartsuago, eta Vingegaard justuago, beteago. Minutu erdia sartu dio ia etapa garaileak bere aurkari nagusiari azken 11 kilometro horietan, eta azkenerako errenta polita lortu du UAE taldeko liderrak.
Vingegaard bete samar zihoalaren erakusle atzetik zetozen lau txirrindularik harrapatu egin dutela: Carlos Rodriguez, Primoz Roglic, Juan Ayuso eta Remco Evenepoel. Haiekin batera helmugaratu da, eta denborak esango du gaur pilatutako atzerapena handia edo txikia den, erabakigarria edo ez. Pogacar zaleak neurririk gabe mintzatuko dira gaur, Tourrarenak egin duela eta beste; Vingegaarden zaleek, aldiz, minutu erdi hori logikaren barruan dagoela argudiatuko dute. Datorren tokitik etorrita, minutu erdia onartzeko modukoa dela, danimarkarraren neurri onena hirugarren astean ikusteko esperantzarekin. Ostiraleko erlojupekoa izango da hurrengo testa. Diziplina horretan Evenepoel eta Roglic Pogacar adina edo hobeto ibil daitezke, eta Vingegaardentzat ere oso test garrantzitsua izango da. Liderraren pare ibili nahiko du, gutxienez, edo hobexeago, 50 segundoko atzerapen hori murrizteko.
Hainbat izen gehiago utzi ditu Galibierrek. Carapaz liderrak bost minutu galdu ditu, eta Pello Bilbaok ere agur esan dio sailkapen nagusi on bati, lau minutu galdu dituelako. Mikel Landa, aldiz, bikain aritu da, eta onenengandik dozena bat segundora bakarrik helmugaratu da. Aipamen berezia Oier Lazkanorentzat. Eguneko ihesaldian sartu da gasteiztarra, eta lasterketa buru ere izan da Lautaret pasatu eta Galibierreko lehen malkarretan. Ondoren UAEko olatuak gupidarik gabe irentsi du.
Sailkapen nagusian Pogacarrek 45 segundo kentzen dizkio orain Evenepoeli, 50 Vingegaardi, 1.14 Roglici, eta 1.16 Carlos Rodriguezi. Landa zazpigarren da, 1.32ra. Bihar bosgarren etapa, Saint Jean de Maurienne-Saint Vulbas, 178 kilometro, laugarren mailako bi mendate eta esprinterrentzako aproposa. Oilarrek zauriak sendatzeko etapa bi, bihar eta etzi. Zauriak dituenarentzat, Pogacarrek ez baitauka zauririk!