Udalak EHUren Uda Ikastaroetan emango duen ikastaroan deskontuarekin izena emateko azken egunak dira

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 6a, 09:15

Basazabalen aurkeztu zuen udalak udako ikastaroa, maiatzaren 9an. (Mailo Oiarzabal)

Uztailaren 16an eta 17an emango dute zaintza emozionalaren Azpeitiko ereduaren gaineko ikastaroa Donostiako Miramar jauregian. Parte hartu nahi duten azpeitiarrek zein Azpeitian hezkuntzan edo osasungintzan lan egiten dutenek abantailak dituzte izena ematerakoan, etzi bitartean.

Zaintza emozionalerako eredu berritzaileak tokiko administrazioen ikuspegitik. Azpeitiko esperientzia izeneko bi eguneko ikastaroa eskainiko du Azpeitiko Udalak Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Uda Ikastaroetan, zaintza emozionalaren Azpeitiko ereduaren berri emateko helburuarekin. Uztailaren 16an eta 17an egingo dute ikastaroa, Donostiako Miramar jauregian.

Maiatzean  ikastaroaren xehetasunak aurkeztu zituztenean azaldu zuten bezala, Azpeitiko biztanleek zein herriko ikastetxeetan edota osasun arloan lan egiten dutenek abantailak izan dituzte eta dituzte izena ematerakoan. Hain zuzen ere, etzi bitartean, uztailaren 8a arte, mantenduko dira aipatutako abantailak, eta horietaz baliatzeko azken egunak direla gogorarazi nahi izan du udalak.

Azpeitian bizi direnentzat edo Azpeitiko anbulatorioan edo herriko ikastetxeren batean lan egiten dutenentzat udalak jarri dituen prezio bereziak baliatzeko, udalaren bidez egin behar da matrikula, esteka honetan. 25 urtetik gorakoek 20 euro ordaindu beharko dute, eta 25 urtetik beherakoek, berriz, matrikula doan izango dute. Unibertsitatean ikasketak egiten ari direnentzat, 20 orduren balio akademikoa izango du ikastaroak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide