Pasatu da aste bat, joan zaigu Tourreko heren bat, eta emaitzak argiak dira: Tadej Pogacar da nagusi, baina Vingegaard bere aurkari nagusiarekiko duen errenta txikiak, 1.15, ez dio batere bermerik ematen Nizan maillot horia janzteko. Tourreko zati gogorrena geratzen delako, baina batez ere danimarkarrak ia denek espero zuten, genuen baino maila hobea eman duelako. Batez ere atzoko etapan, sterrato-an, non taktika defentsiboak taktika, Visma taldea eta bere liderra etapako garaile izan ziren oilarren arteko borroka ikusezinean.
Atzera begiratu azkar batean gogoratuko dugu San Lucan ekin ziola Pogacarrek Vingegaard atzeratzeko lanari; ez zuen lortu egun hartan, baina bai Valloire-koan, Galibier gailurrean bikingoa 10 segundotan atzeratu, eta jaitsieran beste 25 segundo sartu ostean. Ostiraleko erlojupekoan lortu zuen beste minutu erdia esloveniarrak, baina ziur errenta handiagoa izatea espero zuela. Horren erakusle atzo erakutsi zuen jarrera erasokorra, dozena erdi eraso bortitz egin baitzizkion Vingegaard-i. Ez zuen lortu jarduneko garailea urruntzea, eta etapa bukaeran mikrofonoetako borroka hasi zen, gerra psikologikoa; aurkaria mentalki kaltetzeko helburua daukan borroka ezkutua.
Pogacarrek egin zuen tiro aurrena: "Nire beldur da, nire gurpila bakarrik zaintzen du Vingegaardek". Norena zaindu behar ote duen galde geniezaioke geure buruari... Remco Evenepoelena, akaso? Evenepoel bera askoz zorrotzago mintzatu baitzen etapa bukaeran: "Errespetatzen dut Visma taldearen taktika, baina tarteka arriskuak hartu behar dira, potroak jarri lasterketari. Hirurok bakarrik joan gara, eta elkar lagundu izan bagenu podiuma ziurra genuke hirurek".
Pit bull-aren esan hauek zehatz aztertzea komeni. Berotu baten ondorio baitira, ahobero batek hausnartu gabe botatako hitzak, erre-erre eginda. Ez da Remcok horrela jokatzen duen lehen aldia, beraz, inor gutxi harritu da. Zergatik eman behar zion erreleboa Vingegaardek atzo Evenepoeli? Vingegaardek Tourra irabazi nahi du hirugarrenez. Podiuma hutsaren hurrengo saria da berarentzat, eta Remco ez da bere aurkaria. Pogacar bakarrik da bere aurkaria, harentzat bakarrik ditu begiak. Ba al da Remco podiuma lortzeko hautagai? Askorentzat ez, ziur direlako Remcok mendiko etaparen batean kale egingo duela. Arrazoi nagusia: bere lehen Tourra da, eta itzuli handi gehienetan etaparen batean kale egin du. Gaur apustu egin behar izatekotan, lerroon egileak ere Remcok podiumean ez duela bukatuko eginen luke apustu.
Zertarako eman behar zion erreleboa atzo Vingegaardek Remcori eta Pogacarri? Bi horiek aurretik geratzen ziren sterrato zatiren batean danimarkarra txikitzeko? Helmugako gainsariak irabazi eta bikingoa are gehiago atzeratzeko sailkapen nagusian? Evenepoelek berak gorriak ikusi zituen Pogacarrek 20 kilometrora erasoa jo eta Vingegaardekin martxa egin zuenean. 15 segundo galdu zituen, baina bat egin zuen beste bi oilarrekin, Vingegaardek Pogacarri erreleborik ez ziolako eman. Eman izan balio Evenepoelek atzerapena pilatuko zuen bart, baina ez zion eman, euren taktika garbia zelako: iraun, denborarik ez galdu Pogacarrekin. Baita lortu ere. Batzuetan bikingoaren ekimenez, besteetan Visma taldearen lan bikainari esker.
Atzoko etapako garaileak Visma taldea eta Vingegaard dira, zalantzarik gabe. Pogacarrek helmugan zeukan aurpegi zimurrak, seriotasunak, erakusten du hori. Bere taldean danimarkarra nabarmen urrunago edukitzeko esperantza zuten, baina ez dute lortu. Mendiko etapa bakarrean oso nagusi izan zen UAE, baina ordekan, sterrato-an, egurra eman dio Vismak, eta horrek mina egiten du. Zer esanik ez lan on horri esker zure aurkaria atzeratu ez baduzu. Remco bezala, Visma taldeari esker ona erakusteko moduan daude Roglic eta Carlos Rodriguez, haien taktika kontserbadoreari esker libratu baitzuten etapa denbora galdu gabe.
Dena dago erabakitzeko, beraz. Pogacar lider, baina konforme ez, danimarkarra urrunago nahi zuelako. Oso kontent, konforme baino gehiago Vingegaard, bi edo hiru minutuko atzerapena aurreikusten zutelako lehen astean, eta 1.15era daudelako. Haserre Remco, etapa bat irabazi eta nagusian bigarren izanda ere. Jakin bai baitaki maldan gora hasten direnean gorriak ikusiko dituela. Ñabardura bat Mikel Landa Remcoren ezkutariaren inguruan. Inoiz baino hobeto dabil murgiarra, eta Remco laguntzeko lanetara mugatuko balute Top 5 bat zapuztuko liokete arabarrari. Roglic eta Carlos Rodriguez ere lehen astea ontzat emateko moduan dira. Euren terrenoan sartuko dira orain, eta Remco bere aldaretik jaisteko helburuarekin.
Erne asteazkeneko etaparekin
Aste honetako menua oso erakargarria da, sei etapetatik hiru menditsuak baitira, beste hirurak esprinterako egokiagoak. Bihar esprinta, gauzak normal, eta etzi... Erne, etzi Tourreko etapa erabakigarrienetakoaren atarian egon baigaitezke: Evaux les Bains-Le Lioran. Erdialdeko Mendiguneko etapa nekoso klasikoa, baina tranpaz josia. 211 kilometro luze, eta 4.350 metroko desnibel metatua denera. Etapako azken laurdena oso-oso gogorra da, eta ezusteko handi samarrak gerta litezke. Bigarren mailako Col de Neronne aurrena (3,8 km. eta %9,1eko batez bestekoa, kilometro oso bat %11,8ra). Lehen mailako Puy Mary Pas de Peyrol ondoren, bihurria hau ere: 5,4 km. eta %8,1eko batez bestekoa, azken kilometro osoa %14ko malkarrarekin. Hori jaitsi eta bigarren mailako Pertus, hau ere pikoa: 4,4 km. luze eta %7,9ko malda, bigarren mila metrokoan %11,5eko pendiza. Bukaerako Font de Cere, hirugarren mailakoa, etzanagoa da, baina justu doanak garesti ordainduko du. Ez da bero handirik espero, Pogacarrentzat hobe.
Ostegunean eta ostiralean esprinta jokatuko da, Paue atarian jarri dituzten bi mendatetxok ziklista azkarrenen kemena ito baitezake ere. Eta asteburuan Pirinioak. Larunbatean etapa motza, 152 kilometro, Pauetik abiatuta, eta hiru mendate eguneko mendatean: Tourmalet handia, Luzeko isuritik barrena, Hourquette d'Ancizan gero, eta Pla d'Adet bukatzeko. Tourmaletek beti sortzen du errespetua, beldurra, beti gertatzen da zerbait, beraz, erne. Ancizan etzanxeagoa da eta Pla d'Adet tente samarra: 10 kilometro luze eta %8ko malkarra.
Igandean, uztailak 14, Frantziako eguna, eta Tourreko etapa gogorrenetakoa jokoan: Loudenvielle-Plateau de Beille, 198 kilometro eta 4.800 metroko desnibel metatua. Lehen mailako lau mendate, eta hors categorie bat bidean. Hasi eta berehala Peyresourde, ihesaldia egiteko, eta ondoren, bere bailarekin, Mente, Portet d'Aspet, eta Agnes, hiruren artean 20 kilometro baino gehiago %9ko batez besteko maldarekin. Plateau de Beille mendate egoskorra da, inoiz bukatzen ez den horietakoa: 15,8 kilometro luze, eta %7,8ko batez besteko pendiza. Idazteak bakarrik nekatu egiten du pertsona...
SAILKAPEN NAGUSIA
1.Tadej Pogacar (UAE) 35.42.42
2. Remco Evenepoel (Soudal) 33ra
3. Jonas Vingegaard (Visma) 1.15era
4. Primoz Roglic (Bora) 1.36ra
5. Juan Ayuso (UAE) 2.16ra
6. Joao Almeida (UAE) 2.17ra
7. Carlos Rodriguez (INEOS) 2.31ra
8. Mikel Landa (Soudal) 3.35era
9. Derek Gee (Israel) 4.02ra
10. Matteo Jorgenson (Visma) 4.03ra