Presioa zer den ondo asko erakutsi du Jasper Philipsenek etapa garaipena lortu osteko keinu eta adierazpenetan. Etapa poltsikoan zuela ziur izan denean besoak jaso eta sekulako orrua bota du; askatasun haizea esprintetan faborito handi izan, baina garaipena lortzeko komeriak dituenarentzat. Mikrofonoa hartu eta argibide gehiago eman ditu Alpecin taldekoak. Esan du lehen astea oso txarra izan dela eurentzat, bost esprint eta garaipenik ez, eta bigarren astea garaipenarekin hastea oso-oso garrantzitsua zela; etorriko diren garaipen gehiagoren atarikoa.
Philipsenek taldekideen lan bikaina baliatu du garaipena lortzeko. "Quiet tricky" omen zen etapa bukaera, Philippsen beraren ahotan. Alegia, bihurri samarra. Hiru bihurgune gaizto zeuden azken kilometroan, eta hirurak ezin hobe kudeatu dituzte Alpecineko morroiek. 500 metroren faltan Mathieu Van der Poelek hartu du burua, eta Philipsenek munduko txapeldunaren lan bikaina errematatu beste lanik ez du izan. Girmay eta Ackermann gainditu ditu esprintean.
Bestelakoan zer kontatu gutxi izan du hamargarren etapak, esprinterren oso-oso aldeko zelako. Bost lagun aritu dira ihesean 20 kilometroko tarte batean, baina esprinterren taldeek zirrikiturik txikiena ez uzteko erakutsi duten berehalako borondatearekin amore eman dute alferrik nekatu baino lehen. Gauzak horrela, oso aspergarria izan da etapa. Etapa lauak ere behar direla esango du ASO antolakuntzak, baina garbi dago etapa zozoak izateko proportzioa handia dela, ibilbidearen baitan.
Ez da hala izango bihar, biharkoan tropela Erdialdeko Mendikatean sartuko baita bete-betean: Evaux-les-Bains / Le Lioran. 211 kilometroko etapa luzea, eta 4.350 metroko desnibel metatua. Erne azken 50 kilometroei, lehen mailako mendate bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako beste bat daudelako azken tarte horretan. Mendate motzak dira, 5-8 kilometro, baina oso tenteak, tarteka %10etik gorako kilometro osoak dituzten mendateak. Borrokarako ezin egokiagoa, beraz. Gaurkoa baino politagoa izateko ez da asko behar!