Datorren astean, hilaren 19an eta 20an, ospatuko du Azpeitiko Gaztetxeak bere XIX. urteurrena. Joan den igandean aurtengo bideoklipa zabaldu ostean, urteurreneko egitarauaren berri eman dute orain gaztetxekoek.
Aurreko urteetako egitura beretsua izango dute aurten ere gaztetxearen urteurrenaren ospakizunek. Hilaren 19an, ostiral arratsalde-iluntzean, futbito txapelketaren finalekin eta parrilladarekin hasiko dituzte ekintzak, plazan. Zapatua, uztailaren 20a, izango da egun nagusia. Goizean baltsen erakusketarekin eta jaitsierarekin hasita, egun osorako ekintzak prestatu dituzte. Gaztetxean bertan Igitaia eta Bake Faltsua taldeek gauean emango dituzten kontzertuekin bukatuko dituzte aurtengo ospakizunak.
Hau da, osorik, Azpeitiko Gaztetxearen XIX. urteurreneko egitaraua:
Uztailaren 19a, ostirala
- 20:00. Futbito txapelketaren finalak eta parrillada.
- 20:00. Kopako finala.
- 21:00. Ligako finala.
Uztailaren 20a, zapatua
- 11:00. Baltsa erakusketa eta hamaiketakoa, plazan.
- 12:00. Baltsak uretara!
- 14:30. Bazkaria, gaztetxean.
- 16:00. Sari banaketa, gaztetxean.
- 17:00. Karropoteoa.
- 20:30. Gaztetxearen irekiera eta pizza jana.
- 22:00. Kontzertuak: Igitaia eta Bake Faltsua.
Baltsak egiteko aukera
Hilaren 20ko baltsa jaitsieran parte hartzeko asmoa duten kuadrillek bihar eta datorren asteartean, hilaren 16an, beren baltsak prestatzeko aukera izango dute gaztetxean bertan.
Izan ere, bi egun horietan arratsaldez irekita izango dute gaztetxea lan horiek egin nahi dituztenentzat, eta materiala ere jarriko diete eskura kuadrillei.