Arriskuak ez du abisatzen. Edo ez da ikusten. Eta askotan mendiko etapa gaiztoenak baino albo kalte handiagoak eragiten ditu. Primoz Roglicek badu halako fama txarra, askotan erortzen den ziklista. Atzo erori zen, Le Liorango helmugatik gertu, bere akatsaren ondorioz, eta gaur erori da, besteen erruaren ondorioz; Alexei Lutsenkoren erruz, hain zuzen ere. Muturreko handia hartu du esloveniarrak eta pedalak bete-betean emateko ageriko arazoekin, 2.27 galdu du helmugan, sailkapen nagusian seigarren posturaino jaisteko. Ikuskizun Tourrean jarraitzeko aukera izango duen.
Ez duena aukerarik izango Pello Bilbao da. Le Lioranera bidean gorriak ikusi zituen gernikarrak bart, birus batek Bahrein taldeko ziklista asko erasan ostean. Gaur hasieratik ikusi da ezinean zihoala, eta 100. kilometroaren bueltan kito esan du. Bizikletatik jaitsi, autoan igo eta dagoeneko etxera bidean izango da, ondo osatu eta akaso Espainiako Vueltari begira osatzeko. Trantsizio etapa deitzen zaie gaurkoa bezalakoei, baina oso arriskutsuak izaten dira.
Bitartean, beste borroka batean, Biniam Girmay esprintean berriro nagusi. Esprinta kaotiko samarra izan da, Lutsenkoren erorikoak esprinterren taldeen lana hautsi baitu. Kokapena galdu dute morroi askok, eta ohartzerako helmugan zeuden. Van der Poel bera atzean geratu da, eta Philipsen taldekidea umezurtz utzi. Girmayk Mike Theunissenen ezinbesteko laguntza eduki du, tropel bururaino eramateko lanean, eta goranzko joera txikiak eman dio azken bultzadatxoa. Seitik hiru irabazi ditu Eritreakoak, eta maillot berdea oso bideratuta dauka. Van Aert izan da bigarren, eta Demare hirugarren.
Bihar Pauera iritsiko da Tourra, Biarnoko hiriburura, Euskal Herritik gertu. Agenen hasiko da, eta 165 kilometroko bidearen ostean Pauera iritsi. Laugarren mailako bi mendate daude azken 40 kilometroetan, eta horrek esprinter azkarrenak atzera ditzake.