Batzuen poza negar bilakatu du Pla d'Adetek; zalantza zena ziurtasuna, eta alderantziz. Tadej Pogacarrek kolpea eman du Tourrean, eta zartaginari buelta eman Le Lioranera bidean hartu zuen kolpearen ostean. 43 segundoko uzta lortu du Vingegaardekiko, gainsariak barne, eta 1.57ra urrundu du danimarkarra sailkapen nagusian. Amorru handiarekin ospatu du garaipena helmugan UAEkoak, tamainako sari on bat behar zuelako bere hautagaitzak indarra hartzeko. UAEk handira jokatu du hasieratik gaur ere, aurkariak txikitzera, eta jarrera horrek zalantzak sortu ditu, taktika hori gaizki atera zitzaielako Le Lioran-en. Gaur, baina, ezinhobe atera zaie, eta txanpaina suelto ibiliko da gauean liderraren hotelean.
Borroka latza egion da ihesaldia sortzeko lehen 70 kilometroetan, eta dozena pasa lagunekoa sortu da azkenerako. Bertan zer Oier Lazkano, eta gasteiztarrak Tourmalet-eko igoera aparta egin du, gainetik lehen postuan pasatzeko. Bere lehen parte hartzean. Lau minutuko errentarekin hasi dira mendatea igotzen, baina UAEko Politt azkar hasi da polizia lanetan, eta aurreko taldetxoa zorrotz zaindu. Solerrek hartu dio txanda Hourquette d'Ancizan-en, eta kataluniarraren erritmoak ihesean zihoazenen esperantza kamustu erabat. Minutu pasatxoko errenta zeramaten gainean, ezer ez atzetik uluka zetozen otsoei aurre egiteko.
Pla d'Adet-en gora Sivakov-ek egin du lehen txanda, eta Almeidak bigarrena. Aurretik Ben Healy zihoan, bakarrik. Pogacar ez zihoan bere taldekidearen gurpilean, eta Adam Yates-en erasoa etorri da. Despistea eragin nahi zuen erasoa zirudien, Yates-ek etapa irabazteko erasoa, baina lau kilometroren faltan eraso termonuklearra jo ju Pogacar-ek talde nagusian. Azkar harrapatu du liderrak Yates taldekidea, eta haren babesean minutu bateko atsedena hartuta berriz ere ekin dio. Vingegaard-ek ondo eutsi dio lehen kilometroan, 8-10 segundora, baina azken hiruretan hondoratzen joan da pixkanaka, 40 segundo galtzeraino. Galera garrantzitsua da, dagoeneko bi minutuko atzerapena duelako liderrarekiko, baina batez ere ahuldadea erakutsi duelako.
Bihar oso etapa gogorra jokatuko da, Pirinioetako bigarrena, eta gaurko gidoia errepikatzen bada Pogacar Tourra erabakitzetik gertu egon liteke. Vismak, baina batez ere Vingegaard-ek gaurko atzerapenari buelta emateko taktikaren bat jarri behar dute martxan. Biharko etapa gogoan, gaur danimarkarraren alde egon daitekeen gauza bakarra mendateen ezaugarriak dira. Plateau de Beille luzea da, 16 kilometro, eta gogor samarra, %8ko batez bestekoa. Pogacar mendate labur eta tenteagoetan hobeto moldatzen da, baina Vingegaard-ek ere jarrera erasokorragoa erakutsi behar du, Tourra irabazteko lehian mantendu nahi badu. Etapak 200 kilometro ditu, eta 5.000 metroko desnibel metatua. Hasi eta berehala Peyresourde igoko dute, gero Portet d'Aspet eta Mente. 80 kilometroko lautada etorriko da ondoren, eta azken biak, Agnes eta Plateau de Beille, epaile izanen dira. Gaur Pogacar-ek Tourreko zati polita irabazi du. Bihar biharkoak.