Osagaiak gehituta, Bakailao Txapelketa indartu nahi du Haujijijaik

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 15a, 13:08

Bakailao Txapelketaren antolatzaileak eta iazko elkarte irabazlea. (Haujijijai)

Txapelketako parte hartzea sustatu ez ezik, ondorengo bazkaria "indartu" nahi du festa batzordeak. Hori dela eta, bertso bazkaria izango da aurtengoa, eta Jon Gurrutxaga eta Aitor Tatiegi ariko dira kantuan. Hilaren 27an itxiko da txapelketan izena emateko epea.

Beste urte batez, Bakailao Txapelketa antolatu du Azpeitiko Haujijijai festa batzordeak abuztuaren 1erako. Aurtengoa hamabigarren edizioa izango da, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, txapelketa ez ezik, sariketaren osteko bazkaria "indartu" nahi dute. Hori dela eta, hainbat aldaketa egin dituzte. 

Alde batetik, aldaketak egin dituzte sarietan. Aurten, bakailaorik onena prestatzen dutenek, izan norbanako edo izan elkarte, txapela eskuratuko dute, baita Jai Alai jatetxean lau lagunentzako otordua ere. Elkarterik onenaren kasuan, gainera, egurrezko koilara erraldoia ere jasoko dute. Bigarren sailkatuak kriantza ardo botila eta bi txuleta eramango ditu eta hirugarrenak Sakona etxalde ekologikoaren produktuz osatutako otarrea. 

Bestetik, txapelketaren osteko bazkarian egin dute aldaketa. "Aurreko urteetan bazkaltzera gelditzeko ohitura galtzen ari dela ikusita", aurtengoa bertso bazkaria izango dela jakinarazi dute. Hain zuzen, Jon Gurrutxaga eta Aitor Tatiegi ariko dira kantuan, Azoka Plazan egin ohi duten bazkarian. "Parte hartzaile guztiei gonbita luzatzen diegu bazkaritan gelditzeko, giro aparta egongo da eta", adierazi dute antolatzaileek.

Bazkaria txapelketako parte hartzaileekin eta haien ingurukoekin egingo dute. Modu horretan, parte hartzaileek prestatutako bakailaoa haien ingurukoekin elkarbanatzeko aukera izango dute txapelketaren ostean. Bertako produktuekin egindako entsalada, prestatutako bakailaoa eta postrea izango dira menuan, edaria barne. Bazkaria unean bertan oraindu behar izaten da. Landunek 20 euro ordaindu beharko dute, eta ikasle eta langabeek 15 euro. Bakailaoa etxera eraman nahi dutenek, berriz, 60 euro ordaindu beharko dute. 

Izen-ematea irekita dago, eta hilaren 27an itxiko dute. Honako taberna hauetan daude izena emateko orriak: Sanagustin, Jim Clark, Haginpe eta Korrale.

Txapelketaren arauak

Parte hartzaileek kilo bat bakailao prestatu beharko dute 11:00etan hasita –10:45erako plazan egon beharko dute parte hartzaileek–, eta 40 minutu izango dituzte horretarako. Antolatzaileek banatuko dituzte bakailaoa, baratzuria eta olioa parte hartzaileen artean, eta sua ere haiek jarriko dute. Dena den, gainerako gauzak –kazuela, koilarea, perrexila...– bakoitzak eraman beharko ditu plazara.

Prestaketa lanak bi minutuz behin hasiko dituzte parte hartzaileek, eta lanak amaitutakoan epaimahaiak jakiak dastatuko ditu. Oraindik ez dute zehaztu zein izango diren aurten epaile lanak egingo dituzten herritarrak.

Iaz hemezortzi taldek parte hartu zuten txapelketan, eta Antton Urangak eta Asier Aizpuruk eman zuten txapela. Elkarterik onenaren saria, berriz, Zulo Zabalekoek eraman zuten. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide