Ikusi eta gero, mundu guztia bizkor, esan ohi da. Pogacarrek Vingegaardi Plateau de Beillen eman zion muturrekoa handia izan zen, eta zenbaitzuk Vismaren taktika hori okerra izan zela pentsatu genuen bart. Ezer ez lortzekotan hobe zela, akaso, taktika kontserbadoreagoa. Gaur pentsamendu hori baieztatu da; alegia, taktikak ez zuela eurek espero zuten fruiturik eman, baina aitortu beharra dago ez zeukatela beste alternatibarik. Alegia, nola edo hala saiatu beharra zeukatela Pogacarren ahuldadea bilatzen, behartzen, esloveniarrak Pla d'Adeten eman zien ostikadari buelta ematen saiatzeko. Atzo goizean, etapa hasi aurretik, euren jarrera arrakastatsua izateko berme gutxi zeuzkan Vismak, baina hori onartuta ere, all in egitea erabaki zuten: dena edo ezer ez. Euren zoritxarrerako, galtzaile izan ziren, eta orain mirari bat behar dute Pogacar aldaretik jaisteko.
Vismak onartu du atzoko etapako taktika aspaldi erabaki zuela, eta taldea eta bere liderra zeuden bezala egonda ere, euren asmoa gauzatuko zutela. Egin zuten, baina pieza pare bat faltan dituztela, Sepp Kussena batez ere. Vingegaard bera ere sasoi puntu bikainean dago, horren zalantzarik ez dauka inork, baina Tadej Pogacar puntu bat edo bi indartsuago dagoela ere ez. Plateau de Beillen apenas sufritu zuen liderrak, eta danimarkarra arnas estuka sumatu zuenean kolpe erabakigarria jo zion beste minutu bat lapurtzeko. Atzokoa etapa luzea zen, gogorra egin zuen Vismak, Vingegaardentzat mendate aproposa zeukan bukaeran... baina osagai garrantzitsuenak egin zien ihes eskuetatik: Pogacarren gatza.
3.40an hobetu zuen esloveniarrak 1998ko Marco Pantaniren denbora. 220 segundo! Marka ikaragarria da, baina Vingegaardek eta Evenepoelek ere nabarmen hobetu zuten. Hiru hamarkadatan txirrindularitza nola aldatu den erakusten du datu horrek. Gaur hausnarketa eguna izango dute talde guztiek. UAEn pozarren egongo dira. Ezusteko handiren bat gertatu ezean, eurena da Tourra, baina Vismak esan du bala bat geratzen zaiela, eta hori erabiliko dutela, bai edo bai. Zein egunetan izango den ere badakigu: hurrengo ostiraleko etapa, Isola 2000 eski estazioan bukatuko dena.
Tourreko gogorrenetakoa da, 4.400 metroko desnibel metatua 145 kilometrotan. Vismak atzoko taktika bera errepikatuko du Pogacarren ahuldadea bilatzeko. Atzoko morroi berberekin, eta Jorgensonen azken estutuarekin Bonette-Restefondsen. Ez baitauka beste biderik. Lor dezakeen plus bakarra Vingegaard puntu bat hobeto aritzea da, eta Pogacar okerxeago, indarrak pareka daitezen; danimarkarrak esloveniarra askatzeko. Gaur-gaurkoz utopia dirudi aukera horrek, baina 2022an pasatu zen, Granonen gora, eta iaz ere bai La Loze mendatean. Biak 2.300 metrotik gorako mendiak, ostiraleko Bonette-Restefonds bezala: 2.802 metro ditu, eta 23 kilometroko mendatzetzarra da. Mendate hori eta egun horretarako iragarri den beroa dira Vismaren itxaropen bakarrak. 32-33 gradu eman dituzte bailaretan, eta tenperatura horrek mendian gora min egingo die askori. Gauzak normal, eta Pogacar denetan indartsuena den neurrian, etekina atera eta etapa irabaziko du, baina Vingegaard eta Visma saiatu egingo dira, atzo egin zuten bezala. Euren azken all in-a da, atzo hartu zuten muturrekoari buelta emateko esperantza bakarra.
Etapa gehiago badaude. Bihar Nimesen esprinta. Etzi Superdevoluyn ihesaldiak arrakasta izateko aukera bakarretakoa, osteguneko etapa bezala. Ostiralean Isola 2000, larunbatean beste traka bat Niza inguruko Alpe maritimoetan, eta azken egunean erlojupeko bihurri eta gaiztoa. Menua latza, baina gaur dugun panorama hurrengo igandean eduki dezakegunaren oso antzekoa izango dela dirudi. Lehen postua erabakita, bigarrena ere bai, Remcoren podiuma ere bai, pit bull-ak tabloi handiren bat hartzen ez badu. Hartzekotan, erne ibili beharko du Landak kajoia usaintzeko, eta Almeida portugaldarra zaintzeko...