Udako Musika Printzak jaialdiaren laugarren edizioa uztailaren 11n hasi zuten, Olazko Andre Mariaren baselizan. Hurrengo hitzordua, berriz, ostegunean (uztailak 18) izango da, 21:00etan. Etziko saio horrek agertoki berezia izango du; izan ere, Loiolako Ignazio Hiribideko Amatasuna eskulturaren ondoan egingo dute poesia eta musika uztartuko dituen emanaldia.
Maite Lopez Las Heras idazle eta itzultzaileak eta Garazi Navas nahiz Ignacio Arakistain musikariek parte hartuko dute osteguneko emanaldian. Arakistainek azaldu duenez, saio horrekin Azpeitiko ondare eskultorikoari "aitortza" egin nahi diote. "Xebas Larrañaga azkoitiarrak egindako Amatasuna eskultura gaur egun dagoen tokian jarri zutela 20 urte beteko dira datorren urtean. Ekitaldi poetiko musikala eskultura horrek proposatzen dizkigun gaiekin osatu dugu: amatasuna, jaiotza, bizitzaren sorrera, maitasuna... Ekitaldiko gonbidatu berezia Maite Lopez Las Heras izango dugu; Amatu saiakera idatzi zuen, Safo eta beste hainbat klasiko itzuli ditu...", azaldu du Arakistainek.
Larunbatean, organo kontzertua Loiolan
Jaialdiko hirugarren eta azken kontzertua larunbatean (uztailak 20) izango da, 20:00etan, Loiolako basilikan. Organoa lau eskutara kontzertua eskainiko dute Mikel Ansola eta Ignacio Arakistain organo jotzaileek. Kontzerturako prestatu duten programa "oso bariatua" dela : Jesus Guridiren hamar melodi euskaldunen moldaketa batzuk egin ditugu eta beste hainbat pieza ere gehitu ditugu. Loiolako organoaz gozatzeko aukera polita izango da", azaldu du Azpeitiko organo-jotzaileak.