Udako Musika Printzak jaialdiaren laugarren edizioa uztailaren 11n hasi zuten, Olazko Andre Mariaren baselizan. Atzo jaialdiaren bigarren saioa izan zen, eta ohi bezala, ezohiko agertokian egin zuten, Loiolako Ignazio etorbideko Amatasuna eskulturaren ondoan. Poesia eta musika uztartu zituen atzo Maite Lopez Las Heras idazle eta itzultzaileak eta Garazi Navas akordeoi jotzaileak nahiz Ignacio Arakistain pianistak parte hartu zuten emanaldiak.
Dozenaka herritar bildu ziren kontzertuan, eta agertokiaren aurrean jarritako aulki guztiak bete ziren. Izan ere, emanaldia zutik edota espaloiaren koskan eserita jarraitu zuenik ere.
Bihar, organo kontzertua Loiolan
Jaialdiko hirugarren eta azken kontzertua bihar, larunbata, 20:00etan izango da Loiolako basilikan. Organoa lau eskutara kontzertua eskainiko dute Mikel Ansola eta Ignacio Arakistain organo jotzaileek. Kontzerturako prestatu duten programa "oso bariatua" dela azaldu zuen jaialdiaren aurkezpenean Arakistainek : "Jesus Guridiren hamar melodi euskaldunen moldaketa batzuk egin ditugu eta beste hainbat pieza ere gehitu ditugu. Loiolako organoaz gozatzeko aukera polita izango da".