Butakan eraman dute!

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2024ko uzt. 20a, 19:34

Pogacar, aurtengo bere bosgarren etapa irabazten. (@RTVE seinalea)

Pogacarrek bosgarren etapa garaipena lortu du, aurkarien arteko borrokak ihesaldia kondenatu eta Vingegaardekin buruz burukoa irabazi ostean; Evenepoel saiatu da danimarkarra atzeratzen, baina kale egin du.

Laguntzarik gabe hanka batekin irabazten badu, garaipena errazten bazaio zer esanik ez. Pogacarrek, UAEk, ez dute ezer egin etapa irabazteko, ihesaldia itotzeko, baina aurkari zuzenen arteko demak espero ez zuen atea zabaldu diete. Izan ere, eta helmugatik hiru kilometrora, Vingegaardekin lasterketa buruan bakarrik geratu da liderra, eta noski, ezin tamainako opariari muzin egin. Esloveniarrak hanka batekin menderatu du Vingegaard, hura Evenepoel atzeratzeko justu samar baitzihoan. Ez dute garaipena bilatu, baina "tori, irabaz ezazu" esanez gero, nork uko egin? Vingegaatdek berak aitortu du, uneren batean Pogacarrek etapa irabazten utziko ote zion, baina liderra cannibal bat da, asezina, eta Vingegaard bere aurkari nagusia etorkizunean. Ezin zion irabazten utzi, hurrengo urteetan opari horrekin damutu daitekeelako, agian. Vingegaardek berak onartu du, berak ere Pogacarrek bezala jokatuko zuela:; alegia, etapa irabazten saiatuko zela.

Ihesaldiak arrakasta izateko proportzio guztia zeukan, baina aurtengo Tourrean bost bakarrik izan dira arrakastatsu. Gaurkoan ere hala izango zela zirudien, baina oilarren arteko borroken albo kalteak sufritu dituzte Richard Carapazek eta Enric Masek. Hamar laguneko ihesaldi bateko indartsuenak ziren, eta lau minutu eta erdiko zuloa ere izan dute, etapa euren artean jokatzeko. Soudal taldeak, baina, beste asmo batzuk zeuzkan, eta erritmoa bizitu du tropel buruan Vingegaard estutzeko asmoz; Evenepoelek biharko erlojupekoari begira segundo batzuk irabazteko asmoz. Moscon, Van Wilder, Jan Hirt eta Mikel Landa erre ditu Soudalek, baina Evenepoelen bi ahaleginak ustelak izan dira. Kilimak ere ez dizkio egin Vingegaardi, eta bigarren erasoan, gainera, danimarkarrak kontraerasotu egin du, pit bull-a atzean uzteko. 40 segundo irabazi ditu helmugan, eta Remco batere itxaropenik gabe utzi biharko erlojupekoan sailkapen nagusiko bigarren postua lortzeko lehian.

Dena erabakita dagoela jokatuko da erabakigarria izan behar zuen erlojupekoak. Monakon hasi eta Nizan bukatu, 33,7 kilometro eta 800 metroko desnibel metatua, Turbie eta Col d'Eze mendateetan barrena. Ia dena dago erabakita: podiuma, top 5a... Postu pare bat dantzan daude top 10ean, baina horietaz jende gutxi gogoratuko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide