Azpeitian jokatuko dute 580 kiloko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Misto Txapelketaren finala. Datorren igandean, uztailaren 28an, 18:00etan hasiko dira tiraldiak Esklabetako belardian, Izarraizko Atea parkearen ondoan.
Guztira bederatzi talde lehiatuko dira txapelaren bila, hiru klubetako hiruna talde, hain zuzen ere: Laukizko (Bizkaia) Gaztedi A, B eta C; Erandioko (Bizkaia) Goiherri A, B eta Goiherri Akelarre; eta Gipuzkoako Mutriku A, B eta C.
Finalean lehiatuko direnak ez dira izango, ordea, igandeko sokatira hitzorduaren protagonista bakarrak. Izan ere, Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Misto Txapelketa baliatuko dute Nuarbe sokatira taldeari aitortza egiteko. Ekitaldiaren bukaeran omenduko dute Nuarbe.