10. Tadej Pogacar. Garaiezina, asezina, Inperatore, Ave Fenix... Hankapean ibili ditu aurkari guztiak, Giroan egin zuen bezala. Sei etapa irabazi ditu eta bere hirugarren Tourra poltsikoratu, 25 urterekin. Iaztik nabarmen hobetu du bere jarduna, eta etorkizunari begira ere ez dirudi batere erraza esloveniarraren gatza berdinduko duen hautagairen bat egotea. Giroa eta Tourra urte berean irabazi dituen lehen ziklista da, 26 urte geroago.
9. Jonas Vingegaard. Saiatu da, eta berak espero baino hobeto ibili dela aitortuta ere, ez dio eman Pogacarren mailara hurbiltzeko. Amestu zuen hori lortzearekin, San Lucan, bigarren etapan, edo Troyesko sterrato-an; Liorango etapa bukaeran ere bai, baina Pirinioetan eta Alpeetan akabatu egin du Tadejk, eta bere errealitatea onartu beste aukerarik ez zaio geratu. Gai izango ote da bikingoa Pogiren pare jarduteko etorkizunean? Erraza ez.
8. Remco Evenepoel. Bikain Pit Bull-a, itzuli handietan izan ohi zuen egun txar hori jasan gabe. Edo pasatu badu, ez da larria izan. Oso gaztea da, hobekuntzarako tarte handiarekin, baina aurretik izan dituen bi munstroen pare aritzea oso konplikatua da.
7. Mark Cavendish. Polemika handia egon da mendiko hainbat etapetan berarekin, edo garaipena lortu zuen egunean erakutsi zuen sasoi puntu bikainarekin, baina 35 garaipen 35 garaipen dira, historiako marka onena. Urte luzetan bilatu du eta baita lortu ere.
6. Biniam Girmay: Hiru etapa garaipen, eta maillot berdea. Afrikarren etorrera distiratsuaren lehen harria, Eritreakoak jarritakoa. Koska bat beherago, bere aurkari nagusi Jasper Philipsenen hiru garaipenak, kostatuta iritsi baziren ere.
5. Mikel Landa, Oier Lazkano eta Alex Aranburu. Nota hobea merezi zuten, 7 edo 8 bat. Batez ere Mikel Landak, Pit Bull-aren ezkutari fidel eta bosgarren nagusian, azken erlojupekoan errendimendu bikaina emanda. Zer esan Lautadako zaldiari buruz? David Etxebarriak esan du sare sozialetan: "Hanketan etapa garaipenak dauzkan txirrindularia dela ikusten zaio". Amen. Alexentzat ere txaloak, etapa garaipenetik gertuen egon den ziklista.
4. Uno X taldea. Garaipenik lortu gabe ere sekulako presentzia eman dio lasterketari. Abrahamssenek lata ederra eman zuen lehen astean, bigarrenean Johannessenek hartu zion txanda. Talde askoren ispilu izan beharko luke Norvegiako taldeak.
3, WVA eta MVDP, izoztutako izarrak. Oso gutxi ikusi dira, eta udaberriko klasikoetan edo aurreko Tourretan erakutsi duten indarraren laurdena ere ez dira izan. Aitzakia badu Van Aertek, eroria; zailagoa Van der Poelena azaltzea. Bideratze on pare bat Philipsenentzat, eta sterrato-ko etapan kale.
2. Uno X-en beste aurpegia. Groupama, Arkea, Cofidis... Oso Tour eskasa egin dute, garaipenetik urrun beti. Direct Energiek Turgisekin lortu zuen, DSMk Tourreko erretiroa hartu duen Bardetekin. Gonbidapenen kontuan hamaikagarren hausnarketa egiteko une egokia.
1. ASO antolatzailea. Hainbat etapa oso zozoak izan direlako, batere pizgarririk gabe esprintean bukatu direnak. Etapa horiei buelta bat eman behar zaie. Baita mendiko etapak benetako mendiko etapak izateko erronka ere. Plateau de Beillekoa alde batera utzita, besteak hiru-lau orduko etapak izan dira. Erdizka geratu gara.
0. Cicconeren eta Buitragoren arteko sestra. Sare sozialek dena erakusten duten garaian, itsusia oso Ciccone kolonbiarrari ur potoak hartzen bere autora heldu eta segundoak irabazi zituela leporatzen. Cicconek ere egingo zuen hori noizbait, eta Cicconek bezala tropel osoak. Txirrindularitza itsusten du italiarraren jarrerak.