Belaunaldi desberdinetako musikazaleak elkartu ditu Zubizar Fest jaialdiak

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 25a, 10:29

Zubizarreko musika taldeek eta musikazaleek antolatuta, kontzertuak eskaini zituzten  BOL Baserriko Ollaxkue Labien, Jipoituak, Labankada eta Z.Z Punk musika taldeek.

Bost urteko etenaren ostean, Zubizar Fest jaialdia egin zuten atzo Zubizar atarian. Bertako taldeek eta musikazaleek antolatuta, zuzenekoak eskaini zituzten BOL Baserriko Ollaxkue Labien, Jipoituak, Labankada eta Z.Z Punk musika taldeek.

19:00etan ziren emanaldiekin hastekoak, baina zertxobait berandutu zen hasiera ordua. Belaunaldi desberdinetako dozenaka musikazale elkartu zituen jaialdiak, eta giro ederra sortu zen. Panderoaren eta adarraren doinuak ere iritsi ziren Zubizarrera, baita bertsoak ere. Hain zuzen, Zubizar bezalako espazioen eta herriko musika taldeen garrantzia aldarrikatu zituzten bertsoz. 

Disko zahar eta berriak erosteko aukera ere izan zen, horretarako jarri zuten mahaitxoan. Besteak beste, Istilu, Ukabil, Jipoituak, The Fridays Crew eta Paso De Ti taldeen diskoak eskuratzeko aukera izan zen, baita Txarrantxako disko gutxi batzuk ere. 

2019an egin zuten Zubizar Fest jaialdia azkenekoz, eta aurten ekitaldia berreskuratzea erabaki dute. Jaialdiarekin ateratako diruarekin Zubizarreko entsegu gelak txukundu eta material berria erostea dute xede antolatzaileek. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide