Oiharteren estreinaldi borobila, sagardo txapelketako kideei aitortza eta jan-edana, Santio egunez

Maialen Etxaniz - Intza Trula 2024ko uzt. 25a, 15:08

Oiharteren sagardoa izan da onena epaimahaiaren arabera. Aizpea gaztak irabazi du gazta txapelketa. Sagardo Txapelketaren 50. urtemugaren harira, Iker Garate, Alex Garmendia, Xanti Lazkano eta Joxe Mari Olano omendu dituzte gaur eguerdiko sari banaketa ekitaldian, urteen zehar sagardo txapelketako antolakuntzan egindako lanagatik. Euskadiko 27. Blonda txapelketan Azpeitiko Eizmendi nabarmendu da. 

Uztailaren amaiera izanagatik ere, eguzkia eta zirimiria elkarrekin iritsi dira gaur Azpeitira; izan ere, eguneko lehen orduetan giro apala egon da, eta tanta batzuk ere bota ditu. Hala ere, giro paregabean ari dira ospatzen Santio eguna, Baserritarren Eguna. Gainera, aurtengoa, berezia izan da, sagardo txapelketaren 50. aldia izan baita.Urtero legez, ekitaldiz eta txapelketaz jositako eguna ari da izaten gaurkoa, jan-edanerako aukera zabalarekin eta musikaz girotuta.

Pilotariak izan dira gaurko egunez goiztiarrenak. 10:00etatik hasita, Cesar Valverderen Oroimenezko 39. Txapelketaren finalak jokatu dituzte Izarraitz pilotalekuan. Aurrebenjaminetan, Patxi Berasategik 16 eta 8 irabazi dio Aratz Azkoitiari, eta Mikel Gurrutxaga 16 eta 9 gailendu zaio Jakes Galarragari. Benjaminetan, Enaitz Saizarrek 16 eta 11 hartu du mendean Luka Aizarna, eta Julen Aristik eta Ekhi Zendoiak osatutako bikoak 16-14 irabazi dio Iker Elorzak eta Amets Albisturrek osatutakoari. Kimuetan, Janitz Goenagak 16 eta 8 irabazi dio Kaiet Aizarnari, eta Adei Lizarraldek eta Aitor Erasok osatutako bikoteak 16-5 irabazi dio Janitz Kerejetak eta Xanet Iruretak osatutako bikoari. Azkenik, infantiletan, Zuhaitz Labakak eta Unax Larramendik 16 eta 4 hartu dituzte mendean Jon Olazabal eta Aiurdi Peñagarikano.

10:30ean, berriz, nafartasunari gorazarrea egiteko elkartu dira zenbait herritar, Urolako Napar Zuzterrak taldeak antolatuta. Ekitaldi nagusiaren barruan, eskertza egin dio Napar Zuzterrak taldeak Azpeitiko Udalari, Habitat erakusketaren harira instituzioak erakutsitako "babesagatik eta prestutasunagatik". Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak jaso du oroigarria, Nabarralde fundazioko Iñigo Larramendiren eskutik.

Eguerdian, txapelketak

Eguerdian, jendetza bildu da plazan, besteak beste, Euskadiko 27. Blonda Txapelketa, 24. Ardi Gazta Lehiaketa eta 50. Sagardo Txapelketa ikusi eta produktuak dastatzeko. Lagunartean bildu eta txapelketa bakoitza nork irabaziko zuen apustu egin duenik ere izan da.

Sagardo txapelketa 12:00etan hasi da, eta guztira 23 sagardo lehiatu dira. Horiek dastatzen eta baloratzen aritu dira epaimahaikideak ordu eta erdi inguruz. 13:00ak aldera, bertsotarako tartea ere izan da, eta kantuan aritu dira Aitor Mendiluze, Ekiñe Zapiain eta Iker Zubeldia. Ez dira abestu duten bakarrak izan. Kantujirakoak eta Haujijijaikoak ere kalerik kale ibili dira kantuan.

Azpeitiko sariketara lehen aldiz etorrita, Oiharte izan da 50. Sagardo Txapelketaren irabazlea, 137 puntu bilduta. "Sorpresaz" jaso dute saria sagardogileek, eta GUKAri adierazi diote hurrengo urtean berriro itzuliko dela Azpeitiko plazara. Bigarren postua Petritegirentzat izan da, 134 punturekin, eta hirugarren sailkatu da Alorrenea, 133 punturekin. Sari banaketa amaituta, antolatzaileek hainbat aitortza egiteko aprobetxatu dute. Modu horretan, Iker Garate eta Alex Garmendia nahiz Xanti Lazkano eta Joxe Mari Olano omendu dituzte, urteetan zehar Sagardo Txapelketan egindako lanagatik. Garate eta Garmendia sagardoa ateratzen aritzen dira, eta ez dute hutsik egin azken 25 urtetan. Xanti Lazkanok eta Joxe Mari Olanok ere lan mardula egin dute antolakuntzan sariketaren hastapenetatik, eta horiei aitortza egin nahi izan diete. 

24. Ardi Gazta Lehiaketako txapela, berriz, Aizpea gaztandegiak eskuratu du, 329,5 punturekin. Bigarren eta hirugarren postuak Ander Barandiaran (314,25) eta La Leze (311,5) gaztandegientzat izan dira, hurrenez hurren. Hiru irabazleetako inor ez da Azpeitian izan, eta gaztandegien ordezkariak izan dira sariak jaso dituztenak.

Urteroko gisan, ikusmina piztu du Euskadiko 27. Blonda Txapelketak, eta jende ugari bertaratu da ganadua ikustera Zelai Luzera eta Astotegira. Sari mordoxka banatu dute, eta Azpeitiko Eizmendi izan da gehien nabarmendu dena. Hark irabazi du ukuilurik onenaren saria, baita haragitarako urruxa onenaren saria ere. 

(Argazkiak: Maialen Etxaniz)

Arratsaldean, errekortarien ikuskizuna izango da zezen plazan, eta bestelakoak nahiago dituztenentzat zirku ikuskizunaz eta txaranga doinuez gozatu ahal izango dute herriko kaleetan.

Honakoa da Santio eguneko arratsalderako egitaraua:

  • 18:00. Errekortari txapelketa, zezen plazan.
  • 18:30. Marieta Zirkus ikuskizuna, Done Jakue kalean.
  • 18:30. Jainekin txaranga, Landeta auzotik abiatuta kalerik kale.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide