Bihar hasiko dira herriko gaztetxoak Azpeitiko festak ospatzen, Umeen Egunarekin. Egun osoan zehar, umeak eta gaztetxoak izango dira protagonista, eta horiek ez dute festaz gozatzeko aitzakiarik faltako. Izan ere, ohiko moduan, erraldoien desfilea, haurren eta gaztetxoen bazkaria, jolasak eta kalejira izango dira, besteen artean.
Goizean hasiko dituzte ekitaldiak Itsasi dantza taldeak eta Luix Beltza dantza suelto eskolak antolatutako umeen korporazio txikiarekin. Goiz eresia egingo dute 11:00etan hasita, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Musika Banda Gazteak lagunduta. 12:00etan, berriz, erraldoien txanda izango da: aurrena dantza saioa egingo dute, eta ondoren, sari banaketa. Segidan egingo dute kalejira hainbat herritako erraldoiek dultzain doinuekin: Azkoitikoek, Bergarakoek, Zarauzkoek, Elgoibarkoek, Txantreakoek, Urduñakoek, Errotxapeakoek, Iruñekoek, Añorgakoek, Hernanikoek, Buztintxurikoek, Barañaingoek, Tafallakoek, Mendillorrikoek, Hondarribiakoek, Oriokoek, Lazkaokoek, Zizur Nagusikoek, Urrestillakoek eta Azpeitikoek.
Eguerdian, berriz, Marea Arroxak antolatutako ekitaldien txanda izango da. 14:30ean elkartuko dira ekintzetarako izena emanda dauden haurrak eta begiraleak, eta bazkaria egingo dute Plazan. Gero jolasak eta kalejira egingo dituzte.
Handik aurrera, berriz, 18:30ean hasita, desenkajonamendua egingo dute zezen plazan, eta 22:30ean, ETS taldearen kontzertua plaza nagusian.
Hona hemen Umeen Eguneko egitaraua:
11:00. Goiz eresia eta korporazio txikia, Itsasi dantza taldeak eta Luis Beltza dantza suelto eskolak antolatuta eta Juan Antxieta musika eskolako txistulariekin eta banda gaztearekin.
12:00. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa, plazan.
13:00. Erraldoien desfilea.
14:30. Herriko haur eta gaztetxoekin bazkaria, plazan.
15:30. Haurrekin jolasak eta kalejira, Alde Zaharrean.
18:30. Desenkajonamentua, Zezen Plazan.
22:30. Kontzertua: ETS taldea. Plazan.