Eraso matxisten aurkako protokoloaren argibideak emango dituzte gaur Haujijijaik eta Itaiak

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 26a, 11:58

2022ko protokoloaren aurkezpeneko artxibo irudia.

Azoka Plazako aretoan egingo dute aurkezpena, txosnagunean txandak dituzten herritar guztiei eta interesa duen edonori zuzenduta. Aurten ere etxeratze kolektiboak antolatu dituzte. Era berean, salaketa eta prebentzio kanpaina ere antolatu dituzte. 

Festak hastearekin batera, eraso matxisten aurkako protokoloaren aurkezpena egin eta argibideak emango dituzte gaur Haujijijaik eta Itaiak. Azoka Plazako aretoan egingo dute aurkezpena, 19:00etan hasita. Bertan, erasoen aurkako protokoloa martxan jartzeko argibideak eman ez ezik, jarraitu beharreko pauso guztien inguruko azalpenak emango dituzte. Era berean, festen testuinguruan eraso matxistez egin duten irakurketa ere plazaratuko dute, eta horiei aurre egitearen garrantzia aldarrikatuko dute. 

Haujijijairen eta Itaiaren protokoloa txosnagunean eta zenbait tabernetan egongo da indarrean. Hori dela eta, txosnetan txandaren bat duen orori zuzenduta egongo dira azalpenak, baina edonor bertara daiteke argibideak entzutera. 

Etxeratze kolektiboak

Beste festa batzuetan egin izan duten bezala, etxeratze kolektiboak ere antolatu dituzte. Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean egingo dituzte etxeratzeak. BM aurrean elkartuko dira, 00:30ean, 02:30ean eta 04:00etan. 

Salaketa eta aholku gida

Itaiako kideek eraso matxisten aurkako salaketa kanpaina ere hasi dute, eta horren barruan murala egin dute Elizkalean. Era berean, aholku gida egin dute. Bertan, erasoren bat ikusten edo jasaten duen ororentzat hainbat jarraibide zerrendatu dituzte. Itaiaren protokoloa martxan jartzeko telefonoa honako hau izango da: 613 637 385. Festek iraun bitartean 24 orduz egongo da martxan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide