Saninazioetarako gaueko autobus zerbitzua prestatu du aldundiak

Ane Olaizola 2024ko uzt. 29a, 09:00

Saninazioetako hiru egunetan eskainiko du zerbitzua Lurraldebusek, eta Azpeititik Azkoitira, Errezilera, Getariara, Zarautzera, Zestoara zein Zumaiara iritsiko dira autobusak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko gaueko autobus zerbitzuak prestatu ditu bihar hasiko diren saninazioetarako. Hain zuzen, bihar —San Inazio bezpera—, etzi —San Inazio eguna— eta ostegunean —San Inazio bigarrena— izango dira gaueko autobus zerbitzuak, Azkoitira, Errezilera, Getariara, Zarautzera, Zestoara zein Zumaiara joateko.

Batetik, hiru egunetan 00:30, 02:30ean eta 04:30ean abiatuko da autobusa Azpeititik kostaldera, eta Zestoan geldialdia egingo du 00:40an, 02:40an eta 04:40an; Zumaian ere geratuko da, 01:00etan, 03:00etan eta 05:00etan. Getarian eta Zarautzen, berriz, bi geldialdi egingo ditu autobusak: Getarian, 03:10ean eta 05:10ean, eta Zarautzen, 03:25ean eta 05:25ean.

Bestetik, gaueko zuzeneko zerbitzuak ere egongo dira Azpeititik:

  • 01:10ean, 03:10ean eta 05:10ean Zestoara irtengo da.
  • Azkoitirako autobusak, berriz, honako ordutegi hau izango du: 00:10ean, 01:40an, 02:40an, 03:40an, 04:40an, 05:40an eta 06:40an.
  • Errezilerako autobusa, berriz, 02:00etan eta 04:00etan irtengo da hiru egunetan Azpeititik.

Gainera, San Inazio bezperan zein San Inazio egunean beste zerbitzu bat ere egongo da, 06:00etan Errezilera joango dena, eta 06:30ean Zumaiara joango dena, azken horretan bidean Zestoan geldituz.

"Aisialdiaz gozatzeko aukera"

Azahara Dominguez aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, Azpeitiko festetara joan nahi dutenek modu "jasangarri, seguru eta erosoan" egin dezaten jarri dute gaueko autobus zerbitzua. Ildo berean, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak azaldu du autobus zerbitzu horiek "asko eskertzen" dituela udalak, inguruko herritarrei aukera ematen dietelako saninazioez gozatzeko. "Aurten, gainera, kontuan izan behar dugu kontzertu oso onak ditugula, eta jende asko espero dugula kanpotik ere. Alferrikako arriskuak saihesteko aukera bikaina eskaintzen du autobus zerbitzuak, eta, horrez gain, bestela Azpeitira etortzeko aukerarik izango ez luketen horiei ere aukera emango zaie gaueko aisialdiaz gozatzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide