Inazio Deuna txirrindularitza proba jokatuko dute bihar arratsaldean

Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 27a, 12:00

2022ko Inazio Deuna txirrindularitza proba. (Ihintza Elustondo)

Kadete mailako txirrindularien proba izango da. Perez Arregi plazatik abiatuko dira 16:00etan, eta 58 kilometro egin eta gero, toki berean helmugaratuko dira.

Bihar, igandea, Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatutako Inazio Deuna probaren 44. edizioa izango da herrian. Iazko salbuespenaren ostean, betiko datetan eta formatuan egingo dute aurtengoa; izan ere, iaz, bi hilabetez atzeratu eta irailean egin zuten lasterketa, ohi baino ibilbide luzeagoarekin gainera. Biharkoan, kadete mailako txirrindulariak ariko dira lehian, Azpeitian hasi eta bukatuko den proban. Hain zuzen ere, Perez Arregi plazatxoaren ondoan jarriko dute hasiera puntua, eta baita helmuga ere.

16:00etan hasiko da lasterketa, eta txirrindulariak Zestoara, Iraetara eta Arroagoira joango dira, handik berriz ere Azpeitira itzultzeko. Loiola aldera joan ostean, Zestoara bueltatuko dira txirrindulariak, eta handik, Iraeta, Aizarna, Etumeta eta Benta Berri igarota, Azpeitira joango dira. Ordu eta erdi inguruko lasterketa izango da, 58 kilometrokoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide