Azpeitiarren doinuak

Jon Gurrutxagaren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2024ko abu. 7a, 09:00

Jon Gurrutxaga, artxiboko irudian.

Udako oporraldiarekin batera bueltan da Azpeitiarren doinuak seriea. Gaur bezala, datozen asteetan asteazkenero izango dugu hainbat herritarrek aukeratutako bosna euskal kanta entzuteko eta aukeraketaren arrazoia ezagutzeko aukera. Jon Gurrutxaga bertsolari eta abeslariari egokitu zaio seriearen aldi berria estreinatzea.

  • Wafa (Tapia eta Leturia)

"Aspaldiko kantua da, baina egunero ari da odolberritzen. Genozidio baten kronika poetikoa, Koldo Izagirre eta Joseba Tapiaren uztarketatik".

  • Inmolazioa (Anari)

"Aspaldian asko entzun dudan kantua. Munduari su emateko gogoa zigarroa piztuz bezatzen duenaren irudiak harrapatzen nau. Distantzia estetikoak nola definitzen duen bizi garen jendartea".

  • Norabidea (Rodeo)

"Garai beltz honen aurrean antolatzeko hautua egin dutenen kantua. Zer hautu egin daiteke, haren kontra agertu ez beste?".

  • Euri herria (Eñaut Elorrieta)

"Halako nostalgia gozo bat dakarkit Elorrietaren kantak. Xume eta eder eraikitako zerbait barnekoia".

  • Etzidamu (Diabolo Kiwi)

"Kanta udatiarra eta freskoa. Leire Iribarneren ahotsa kiribiltzen entzutea gozada bat da, zuzenekoan animalia zen. Erasan egin zidan haren galtze goiztiarrak, gure belaunaldiko talentu handienetakoa baitzen. Kantuz biziko da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide