Parisen atzo inauguratu zituzten Olinpiar Jokoak; eta Azpeitian, aurten lehendabiziko aldiz, kuadrillen arteko olinpiadak egingo dituzte abuztuaren 1ean, Haujijijaik antolatuta. Oraingoz aurreratu duten gauza bakarra da Frontoi Txikian izango direla, 18:00etan hasita; taldeek gutxienez hiru lagun eta gehienez sei izan beharko dituztela; eta txapelketak sailkapen fasea, final erdiak eta finala izango dituela.
Kuadrillen arteko lehendabiziko olinpiadetan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, eta hiru bide dituzte horretarako: bata da bihar arratsaldean, 17:30etik 20:30era, plazan jarriko duten mahaira bertaratzea; bestea, Haujijijairen Instagrameko kontura idaztea; eta azkena, Haginpe tabernan izena ematea.